Aurten 75 urte bete dira Angiozar eta Ubera Elgetatik banatu zirela

Edu eta Monika 2003ko urr. 3a, 16:08
Aurten 75 urte bete dira Angiozar eta Ubera Elgetatik Bergarako auzo izatera pasatu zirela. 1927an izan zen, 600 urte Elgetari lotuta egon eta gero. Banatzea auzotarrek eskatu zuten, besteak beste, Elgetatik Eibarrera egin behar zuten errepide berria zela-eta.

Elgetatik Eibarrerako bide berriak eztabaida ugari eragin zituen Elgetako Udalaren eta Angiozarren eta Uberaren artean. 1922ko ekainaren 22an egindako osoko bilkuran Foru Aldundiari bide berria eskatzeko erabakia hartu zuen Elgetako Udalak; Elgeta eta Eibar lotuko zituen bide berria egiteko proiektua egin zezala, azken batean.

Zergatik bide berria?

Eskaeraren arrazoia izan zen garai hartan Elgetan zegoen industria apurra Eibarkoaren mende zegoela. Hala ere, ez zegoen bide zuzenik bien artean: Eibarrera joateko 20 kilometro egin behar izaten ziren -–zuzeneko bideak 7 kilometro ditu–, Bergaratik eta Soraluzetik igarota. Eskari haren aurrean, Angiozarko zinegotziek bidea Angiozarko kaleraino luzatzea eskatu zuten. Izan ere, bidea aurrekontu publikotik ordaindu behar zenez, guztiak onuradun izateko, ez Elgetako bizilagunak bakarrik. Baina eskariak ez zuen aurrera egin. Elgeta eta Eibar arteko errepideak, aldiz, bai: Aldundiak 1924ko maiatzaren 1ean erabaki zuen proiektua egitea, eta 1928an eman zioten oniritzia proiektuari Elgetako eta Eibarko udalek.

Banaketa 1927an

Angiozarren eta Uberaren eskaera ez onartzeak egonezina piztu zuen auzotarrengan, eta bidea eraikitzeko prozesuak areagotu egin zuen egonezina: Elgetak bidea egiteko lanei aurre egiteko diru nahikorik ez zuela zioten. Horren guztiaren aurrean, 1925eko abendurako Elgetatik banatu eta Bergaran sartzeko eskariak eginda zeuden. Elgetako Udalak 1927ko martxoaren 24an onartu zuen banatzeko eskaera eta Bergarakoak, berriz, urte bereko apirilean eman zion baietza bere baitan sartzeko eskariari. Hori horrela, bi udalen artean sinatutako akordioaren arabera ezarri ziren muga berriak eta ondare publikoaren tasazioak eta eskualdaketak. Baita Angiozarkoek eta Uberakoek ordaindu beharreko sarrera zerga ere. Elgetarako bidea egiteko urte dezente itxaron behar izan ditu Angiozarrek Elgetarako bidea egiteko: 1982an zabaldu zuten Asentziotik barrena doan bidea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak