"Bi hilabete eta erdi inguru", Bizkaia etorbideko igogailua berriro erabilgarri egon dadin

Jokin Bereziartua Lizarazu

Bizkaia etorbideko igogailu publikoa, gaur goizean. 

Hiru astez itxita daraman igogailuak egiturazko kalteak dituela jakinarazi du Udalak: "Egituraren korrosioak kalteak eragin ditu inguruko hormetan, eta horietan pitzadurak eta deformazioak agertu dira". 18.000 euro bideratuko dira kalteak konpontzera eta igogailua itxita egon bitartean doakoa izango da herribusa Gorostiza auzora igotzeko. 

Bizkaia etorbideko igogailua itxita egongo da datozen "bi hilabete eta erdi inguruan", bertan antzemandako egiturazko kalteak direla eta. Egoera horrek herritarren mugikortasunean izan dezakeen eragina arintzeko, Arrasateko Udalak doako autobus-zerbitzua jarriko du martxan azaroaren 28tik aurrera. 2. linearen bidez, Muzibar eta Zarugaldeko geltokietatik Gorostizara doan igotzeko aukera izango dute herritarrek.

Igogailurako sarrera itxita, beheko solairuan. 

18.000 euro Bizkaia etorbidekoa konpontzeko

Honela azaldu dute konpondu beharreko arazoa Udaletik, ohar bidez: "Egituraren korrosioak kalteak eragin ditu inguruko hormetan, eta horietan pitzadurak eta deformazioak agertu dira. Hori dela eta, 18.000 euro bideratuko dira igogailu honetan egin beharreko konponketa-lanetara. Gogoratu behar da, gainera, duela aste batzuk igogailuko kamerak eta plaka elektronikoak lapurtu zituztela. Kamerak berriro jarri dira, Ingecom enpresaren bidez, eta orain igogailuaren konponketa-lanei ekingo zaie". 

Orona enpresak emandako aurreikuspenen arabera, beharrezko piezak hornitzeko 40 lan egun inguru beharko dira, eta beste 15 bat egun muntaketa-lanetarako: "Horrenbestez, igogailua berriro martxan jartzeko epea bi hilabete eta erdi ingurukoa izango dela kalkulatzen da. Bestalde, igogailuaren sarrerako tunela ere egokituko da: garbiketa eta margotze-lanak egingo dira, eta argiztapen berria jarriko da, espazioa txukundu eta erabiltzaileen erosotasuna hobetzeko". 

Igogailurako sarbidea itxita, Gorostiza auzoan. 

Arrasateko igogailu guztien mantentze-lanak kudeatzen dituen enpresa aldatu ondoren, instalazio guztiei ikuskapen teknikoa egin zaie, baimendutako kontrol-erakunde baten bidez, indarreko araudiak ezarritako baldintzak betetzeko. Azterketen ondorioz, igogailu guztietan hainbat konponketa egin behar direla ikusi da, eta horretarako 27.000 euro inguruko inbertsioa aurreikusi da. Gainera, aipatu beharra dago Ferixalekuko eta Altamirako igogailuak berritzeko lanak ere abian daudela. 

Gorostizarako herribusa doan

Igogailua zerbitzutik kanpo dagoen bitartean, herritarren joan-etorriak errazteko, Arrasateko Udalak doako autobus-zerbitzua eskainiko du azaroaren 28tik aurrera. 2. linearen bidez, Muxibar eta Zarugaldeko geltokietatik Gorostizara igotzeko aukera izango dute herritarrek, igogailua berriro erabilgarri egon arte.
Neurri honen helburua da igogailuaren erabiltzaileei mugikortasunerako alternatiba bat eskaintzea konponketa-lanek irauten duten bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak