Udal Gobernuak azaldu duenez, "konplexua" izan da proiektua bideratzeko prozesu administratiboa: "2025eko udan lehiaketa publikoa bi aldiz atera zen, baina bietan hutsik geratu zen, enpresak aurkezteko baldintzak erraztu arren. Bide administratibo arruntak agortuta, Udalak negoziatutako kontratazioa bideratu zuen 2026ko udaberrian".
Azaldu dutenez, Orona enpresak konfirmatu du lanen planning-a; bi fasetan egingo da, diotenez, herritarrengan eragina gutxitzeko:
- Beheko igogailua (Ferixalekua): Irailaren 28tik azaroaren 30era bitartean egingo dira lanak.
- Goiko igogailua (Altamira): Urtarrilaren 11tik martxoaren 25era bitartean berrituko da.
Abenduan etenaldi bat egingo da Gabonetako joan-etorriak ez oztopatzeko: "Izan ere, egun horiek mugimendu handikoak izan ohi dira, eta herritarrei zerbitzua bermatu guran hartu du erabakia Udalak".
Herribusa doakoa lanek iraun artean
Fase bakoitzak bi hilabete eta erdiko iraupena izatea aurreikusten da, eta auzokideei irisgarritasuna bermatze aldera San Frantzisko (L1-igoera) eta Azokako (L1-igoera) eta Jose Luis Iñarrako (L2-jaitsiera) geltokietan bidaia doakoa izango da lanek iraun artean.
Igogailu berrien ezaugarriak
Instalatuko diren igogailu berriek "erabilera intentsiborako" prestatutako "elementu tekniko berritzaileak" izango dituzte:
- Bandalismoaren aurkako "babes berezia".
- Edukiera zabalagoa: 13 pertsonarentzat edo 1.000 kg arteko pisua jasateko gaitasuna.
- Irisgarritasun eta segurtasun elementuak: LED argiak, audio bidezko seinaleztapena, braille sistemak, gorabeheren berri emateko sistema automatikoak eta larrialdietarako etenik gabeko arreta zerbitzua.
Aurrekontuaren barruan, igogailu zaharrak desmuntatzea, berriak muntatzea, legalizazioa, mantentze-lanak eta salmenta osteko zerbitzua sartzen dira.
Itxitura bereziak jarrita daude
Azken hilabeteetan kanpo itxitura bereziak jarri dira Ferixalekuko igogailuan. Azken erasoak jai egunetan izan dira, eta, ondorioz, Udala aztertzen ari da, igogailua babesteko asmoz, jai egunetako gauetan berau ixtea: "Egun jakinetan izango da, eta gaueko ordutegian. Izan ere, erasoek eragiten duten kaltea ekonomikoa izateaz gain, nagusiki soziala da, Altamira inguruko bizilagunei eragiten diena. Herritarren irisgarritasun unibertsalari eraso eta kalte zuzenak dira".