Ane Arregi: "Tratamenduak eta kirurgiak lortzeko dauden zailtasunak oso handiak dira"

Larraitz Zeberio Lekuona

Ane Arregi arrasatearra, Monterron jauregi aurrean.

Buruari buelta "gehiegi" ematen dizkio Ane Arregik (Arrasate, 1975). Gaur egungo tolerantzia falta krisi egoerarekin lotzen du, eta dio ez dela trans* pertsonekikoa soilik. Ultra mugimenduen gorakadarekin ere badu kezka.

Haurtzaroko oroitzapen politak dituzu?

Oso politak; etxean maitasun handiarekin eta ikastolako laguntxoekin jolasean... Haurtzaroko oroitzapen onak ditut. Lehen egon-ezak pubertaroan hasi ziren, 13 bat urterekin. Geroago, 17 urterekin edo, lagunekin kalera irteten hasi nintzen, eta ez nintzen kokatzen. Eta betikoa, lehen maitasun gorabeherak, edaten eta erretzen hasi apur bat, konturatu hor askatu egiten dela norbera... Poliki-poliki, eta, neurri batean, nire egon-ezak bultzatuta, gurpil zoro batean sartu nintzen. Nerabezaro osoan pentsatu izan dut zerbait txarra gertatzen zitzaidala. Azkenerako, gaizki jarri nintzen eta ospitalizazio bat behar izan nuen. Mugarria izan zen. Gauza asko joan zitzaizkidan burutik, baina emakume izatearena ez. 

Gaztaroan izen zenuen erreferenterik?

Nire lehen erreferentea Bibiana Fernandez izan zen [Bibi Andersen]. Nik 14 bat urte izango nituen orduan, eta ez nuen inoiz ezer esan, baina isilean pentsatzen nuen: "Orduan, posible da". Itxaropen-izpi bat piztu zen nigan. Hurrengo erreferentea hezur-haragizkoa izan zen; igarotze-prozesua* egiten ari zen mutil bat ezagutu nuen lantokian. Nik 30 bat urte izango nituen, eta asko egiten genuen berba. Konturatu nintzen haurtzaro-nerabezaroko bizipen asko partekatzen genituela, eta harekin berbetan jabetu nintzen bazeudela bideak. Lankide haren bitartez hasi nintzen Emaizen elkarteko psikologo-sexologo batekin, eta 45 urterekin izeba bati esan nion emakumea nintzela. Oso ondo hartu zuen. Gero, etxean beste soinu batzuk izan ziren. Esan nuen aldaketa fisikoa nahi nuela, emakume tratatzea nahi nuela… eta ez zuten ondo hartu. Egun batetik bestera, aldaketa oso gogorra da, eta ulertzen dut horrelako berri bat hainbeste urte igaro eta gero txoke gogorra dela gurasoentzat.

Arreta psikologikoa lagungarria egin zaizu?

Emaizen elkartera joan nintzenean, han entzun gura nuen baietz, emakumea naizela, eta espero nuen emango zizkidatela igarotze-prozesua egiteko jarraibideak, baina hori ez zen horrela izan. Saio bat joan, saio bat etorri, azkenean, urteak pasa ziren eta ikusi nuen nik gura nuen hori ez zihoala aurrera. Azkenean, arriskuan ikusi nuen nire bizitza, eta familia-medikuarengana joan nintzen. Hark esan zidan ez zekiela askorik gai horiei buruz, baina Gurutzeetako ospitaleko genero unitatera* joateko, eta, emakume sentitzen banintzen, erakusteko ni zein nintzen, eta hasteko, esaterako, nik egoki ikusten nuen moduan janzten. Ondo gogoan dut kalera soineko batekin irten nintzen lehen eguna. Garai hartan gustuko nuen soineko bat aukeratu nuen. Zalantza handiak izan nituen, batez ere jendeak zer pentsatuko ote zuen edo nola ikusiko ote ninduten, baina pentsatu nuen, baita ere, lehen aldiz nindoala nik gura nuen moduan. 

"Ekai joan zenean hasi ziren hemen gauzak mugitzen, eta Trans legea etorri zen; bideak zabaldu ziren, baina Orain, gainbehera bat dago"

Zeintzuk izan dira bide honetan zure pozak eta zure penak?

Hormona-blokeatzaileak* hartzen hasi naizenetik lasaitua hartu dut eta barne-bakea irabazi dut; izan ere, desagertu egin dira gorputzak zituen inpultso asko. Gero, esperimentatu egin dut zer dudan gustuko eta zer ez. Orain, badakit jendeak emakume moduan tratatzea nahi dudala eta gaur egun erakusten dudan itxura nahiago dudala lehengoa baino. Txanponaren beste aldean daude hormona-tratamenduak* eta kirurgia-ebakuntzak* lortzeko dauden zailtasunak, kanpotik entzutea ea ziur nagoen hartu dudan bidearekin, edo nor naizen esan arren jende batek oraindik ere gizon moduan tratatzea. Hori txarto eramaten dut.

Transfobiarik* bizi izan duzu?

Kalean gutxi egoten naiz, baina albisteak ikusten ditut eta badakit badagoela jende intolerantea. Elkartu egiten direla ematen du, gainera, eta jendea egurtzera iristen direla. Sumatzen dut, baita ere, lehen kolektibitate handiagoa zegoela, eta orain, indibidualismo handiagoa. Egoera txarra denean –ekonomian, lan-munduan…–, elkarbizitza-arazoak ugaritu egiten dira, eta konparazioak hasten dira: "Besteari niri baino laguntza gehiago ematen dizkiote", "eskubide gehiago ditu...". Pobreen arteko borrokak. Gero, badira faxismoaren nostalgiko batzuk esaten dutenak iraganeko denborak hobeak izan zirela… Krisi denboretan samurra da konfrontaziorako giro bat sortzea, eta hori dago gaur egun. Eta tolerantzia falta orokorra da, ez bakarrik trans pertsonekikoa bakarrik.

2024ko Trans Legea* lagungarri izan da? 

Ekai* joan zenean hasi ziren hemen gauzak mugitzen, eta Trans Legea etorri zen. Tristea da, baina horrela izaten dira gauzak. Hasieran sumatu nuen bideak zabaldu egin zirela, baina orain, gainbehera bat dago. Lehen, nolabaiteko erraztasuna zegoen, baina orain, zailagoa da, adibidez, kontsulta baterako txanda lortzea.

"Ultraliberalistak eta ultranazionalistak oso gaizki konpontzen dira, baina amankomunean dute giza eskubideak kentzea"

Osasun-arretarekin ez zaude gustura.

Gainbehera bat dago. Lehen, errazagoa zen hormona-tratamendua lortzea, eta kirurgia-ebakuntza gehiago egiten zituzten. Gaur egun, operazio-gela gutxiago daude; hiruzpalau astean kirurgia-ebakuntza bat egiten omen dute. Nik zain jarraitzen dut.

Zer eskatzen diozu gizarteari? 

Lehenengo eta behin, errespetua. Gehiago edo gutxiago gustatu, ikustea gizakiak garela. Gero, ezagutzeko interesa ondo etortzen da. Ezagutzak, normalean, beldurra kendu egiten du eta transfobia fobia bat da, beldurra. Azkenik, enpatia; bestearen lekuan jartzea.

Baduzu kezkarik eskuinaren gorakadarekin?

Ultraliberalistak eta ultranazionalistak oso gaizki konpontzen dira, baina gauza amankomunak dituzte, eta horien artean dago giza eskubideak kentzea. Langileei, emakumeei, urritasunak dituzten pertsonei, trans pertsonei… Bai, asko kezkatzen nau.

Oharra: Elkarrizketa honetan asteriskoa (*) duten hitzak hiztegi honetan agertzen dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak