Iazko etenaren ostean, Jokin Zaitegi sariketa normaltasunez bueltatuko da

Koldo Zubia Salas

Aizpea Otxandiano, Anne Carsonen liburua eskuetan duela, Elkar liburu dendan.

Iazko Jokin Zaitegi sariketa bertan behera utzi ostean, bueltan dator berrio arrasatear idazlearen omenez, AEDk eta Elkar argitaletxeak antolatutako lehiaketa. Anne Carsonen 'The beauty of the husband' poema-liburua itzuli beharko da aurten.

AEDk eta Elkar argitaletxeak halabeharrez utzi behar izan zuten iaz bertan behera Jokin Zaitegi sariketa. Literatura unibertsala euskaratzea helburu duen ekimen horren bitartez, Literaturako Nobel saridunen liburuak euskaratu ahal izan dira azken 36 urteetan. Hori da, hain zuzen ere, urteroko funtzionamendua: urrian ematen dute Literatur Nobel saria, eta hura irabazten duenaren liburu bat euskaratu ahal izateko, Jokin Zaitegiren omenezko lehiaketa egiten dute. Liburua itzultzeko "interesa eta gaitasuna" duen edonork har dezake parte, bakarka edo taldean. Horretarako, antolatzaileek proposatutako jatorrizko lagina itzuli behar da, eta epaimahai batek jasotako laginen artean onena aukeratzen du. 2025eko Literaturako Nobel saridun Laszlo Krasznahorkai hungariarrak, baina, ez zuen bere lana euskaratzeko baimenik eman, eta, ondorioz, 37. aldian ez zen Jokin Zaitegi sariketarik izan.  

Aurten, arazorik ez

Azken sariketan gertatutakoa "salbuespena" izan zela dio AEDko kultura-dinamizatzaile Aizpea Otxandianok: "Antza, Laszlo Krasznahorkaik asko zaintzen ditu itzulpenak, eta, haren lana nork itzuliko zuen erreferentziarik ez izateagatik, agian, euskaratzeko baimenik ez ematea erabaki zuen. Salbuespena izan zen hura; orain arteko 36. aldietan ez dugu arazorik izan. 38. honetan ere ez". Hala, beti egin den moduan, Elkar argitaletxea arduratu da 2026ko Literaturako Nobel saridunaren lan bat aukeratu eta harekin harremanetan jartzeaz. 

Aurten bai, aurtengo Literaturako Nobel saridunak, Anne Carson kanadarrak, The beauty of the husband poema-liburua euskaratzeko baimena eman du. "Haren izendapena irten zenean ezagutu nuen liburua; adituen arabera, erraza da itzultzeko. Gainera, ingelesetik itzuli beharko da, beste edizio batzuetan jatorrizko beste hizkuntza batzuetatik egitea egokitu da, eta halakoetan zailtasun gehiago egon daiteke", dio Otxandianok. Parte hartu gura dutenek, beraz, proposatutako jatorrizko lagina ingelesetik euskaratu eta kultura@aedelkartea.eus helbidera bidali beharko dute, abenduaren 20ko gauerdia baino lehen. Bi dokumentu bidali beharko dira bertara: itzulpena, ezizen batekin sinatuta, eta ezizen horren atzean dagoen itzultzailearen identitatea, harekin harremanetan jartzeko datuekin batera. 

Proposatutako lagina euskaratuta entregatzeko epea abenduaren 20an amaituko da

Juan Mari Agirreurretak, Isabel Etxeberriak eta Josu Goikoetxeak osatutako epaimahaiak bat aukeratuko du jasotako itzulpen guztien artean, eta 2027ko urtarrilaren 22a baino lehen jakinaraziko da irabazlea. Halaber, aurkeztutako lanek behar besteko kalitaterik ez dutela iritziz gero, epaimahaiak saria hutsik uzteko aukera izango du. Antolatzaileek, bestalde, itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatu ahal izango diote, sariketako diru-kopuruaren truke. Irabazleak 2.000 euroko saria jasoko du, eta pertsona horrek 2027ko irailaren 30a baino lehen entregatu beharko du liburuaren itzulpen osoa Elkar argitaletxean. Argitaletxeak euskarazko bertsioa kaleratuko du, beranduenez, 2027ko Durangoko Azokarako.

Etorkizuneko erronkak

Aurrera begira, "orain arte bezala" jarraitzeko asmoa dute AEDn; sariketa urtero-urtero antolatzen eta parte hartzaileei liburuak euskaratzeko harra sartzen. "Jokin Zaitegi sariketaren helburua Literaturako Nobel saridunen lanak euskaratzea da, eta hori urtero lortzea aurrerapausoa da guretzat", esan du Otxandianok. Halaber, proiektu gehiago ere badituzte esku artean: "Iaz, Jokin Zaitegik inoiz argitaratu gabeko lan batzuk lortu genituen; 2027ra begira, lan horiekin beste liburu bat argitaratzeko helburua dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak