Jokin Zaitegi sariketa Arrasateko AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin. Jokin Zaitegi idazle arrasatearra gogoratzea eta Literatura unibertsala euskaratzea du helburu, urteko Literaturako Nobel saria irabazitako idazlearen lan bat itzulita. Sariketak 38. aldia izango du aurten.
Antolatzaileek adierazi dutenez, liburua itzultzeko "interesa eta gaitasuna" duen edonork har dezake parte, bakarka edo taldean. Horretarako, proposatutako jatorrizko lagina ingelesetik euskaratu eta aed@aedelkartea.eus helbidera bidali beharko dute, abenduaren 20ko gauerdia baino lehen. Bi dokumentu bidali beharko dira bertara: itzulpena, ezizen batekin sinatuta, eta ezizen horren atzean dagoen itzultzailearen identitatea, berarekin harremanetan jartzeko datuekin batera.
2.000 euroko saria
Juan Mari Aguirreurretak, Isabel Etxeberriak eta Josu Goikoetxeak osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpen guztien artean bat aukeratuko dute, eta 2027ko urtarrilaren 22a baino lehen jakinaraziko da irabazlea. Halaber, aurkeztutako lanek behar besteko kalitaterik ez dutela iritziz gero, epaimahaiak saria hutsik uzteko aukera izango du. Antolatzaileek, bestalde, itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatu ahalko diote, sariketako diru-kopuruaren truke.
Irabazleak jasoko duen saria 2.000 eurokoa izango da, eta pertsona horrek 2027ko irailaren 30a baino lehen entregatu beharko du liburuaren itzulpen osoa Elkar argitaletxean. Argitaletxeak –betiere baimena eskatuta– euskarazko bertsioa kaleratuko du, beranduenez, 2027ko Durangoko Azokarako. Iaz abiatutako sariketan, 2025eko Literatur Nobel saridun László Krasznahorkai hungariarrak ez zuen bere lana euskaratzeko baimenik eman, eta, ondorioz, ez zen Jokin Zaitegi sariketarik izan. Gema L. Las Heras da, beraz, azken Jokin Zaitegi beka eskuratu duena, Han Kang-ek koreeraz idatzitako Barazkijalea liburua itzuli baitzuen.