Joan den asteburuan Ezkurdiari irabazita (22-20) lortu zuen Ander Muruak (Arrasate, 2000) lau eta erdiko txapelketako finalerdikoa jokatzea –20 tanto behar zituen horretarako–. Javi Zabala izango du aurrean; hain zuzen ere, iazko azpitxapelduna. Muruak ez du erronka makala izango aurrean, baina haren aukeretan erabat sinisten du.
Gustura gelditu zara aukeratutako materialarekin?
Nik aukeratutako bi pilotekin eta berak (Javi Zabalak) aukeratutakoetako batekin bai; bestea, berriz, nahiko bizia iruditu zait. Txapelketa osoan ez da egon halako materialik.
Aurreko partidetan ere halakorik ez, hortaz?
Ez, horregatik. Beste partidatan materiala baxuago egon da, ez da egon halako pilota bizirik.
Zabalak, gainera, abiadura handia ematen dio jokoari. Kezkatzen zaitu horrek?
Ez, kezkatu ez. Uste dut pilota bizia izatea ere komeni zaidala niri. Berak bi beso oso indartsu ditu eta abiadura handia ematen dio pilotari; pilota bizi hori ondo datorkio.
Nola doa astea? Izan ere, egoera guztiz berria da zuretzat.
Aste berezia izaten ari da, eta hilabetea ere ezberdina eta polita izan da. Baina tira, aste hau are gehiago. Jendeak kaletik animo asko eman dizkit; ilusioarekin dago. Ni, aldiz, saiatzen naiz ahalik eta normalen kudeatzen guztia. Beste aste bat izango balitz bezala, gauzak berdin egiten eta ezer ez aldatzen.
Aurrenekoz jokatuko duzu Javi Zabalaren aurka; nolako partida aurreikusten duzu?
Ez dugu inoiz elkarren aurka jokatu; ez banaka, ezta binaka ere. Baina oso ondo ezagutzen dugu elkar. Bera saiatzen da aurreneko tantotik abiadura handia ematen jokoari, bai airez baita botez ere.
Zer egin beharko duzu zuk ondo?
Ni saiatu beharko naiz bera mugiarazten eta kantxaren erdia hartzen, tantoak dominatzeko. Sakea eta hurrengo pilotakada ere aprobetxatu beharko ditut (Joseba) Ezkurdiaren aurka egin nuen bezala; izan ere, lau eta erdian oso pilotakada garrantzitsuak dira horiek biak.
Txapelketa hasi zenean ikusten zenuen zure burua egoera honetan?
Ez nuen egoera honetan pentsatzen. Partidaz partida joaten ibili naiz, kanporaketa partidatik hasi eta ligaxkako partidak bukatu arte; hurrengo asteburuan zer datorren pentsatu gabe. Aurreko asteburuan 20 tantora iritsita finalerdietarako txartela eskuratu nezakeela ikusita, hasi nintzen buruari buelta gehiago ematen. Baina beti saiatzen naiz burua partidan izaten eta gero etor daitekeenean ez pentsatzen.
Txapelketara min hartu zuen Darioren partez sartzeak eta faboritoaren etiketa ez izateak presioa kendu dio zure buruari?
Bai, izan daiteke. Egia da besteen presio maila berbera ez dudala, baina era berean saiatzen naiz nire buruari irabazteko presioa sartzen; izan ere, egindakoaren pozik egonda sartzen banaiz kantxan, badakit ez dudala izango ezer egiteko. Are gehiago, esango nuke hor egon dela ligaxkan aurrera egitearen gakoa; alegia, ez erlaxatzean eta beti gehiago nahi izatean.
Pilotari onenekin lehiatzea eta finalaurrekoetan egotea ametsa dela aipatu zenuen Ezkurdiari irabazi eta gero, baina finalaurrekoetara iritsita, ez irabazteak arantza handia utziko lizuke?
Ez dut ondoriorik atera nahi txapelketa bukatu aurretik. Hala ere, finala jokatzetik horren hurbil egonda, gustatuko litzaidake finalera iristea. Ez naiz finalerdietan egotearekin konformatzen eta horren bila irtengo naiz domekan.
Nolako pilotalekua da Ogetakoa?
Esango nuke dela ematen duena baino frontoi motelagoa. Pilotarekin aritzeko frontoi ona da eta bi pareta ere dezente irteten da; gantxoarekin aldiz, ez da beste frontoietan bezain beste min egiten, baina pilotak berri daudenean hartuko dute angulua eta mugituko dira ezkerretik eskuinera.
Jaso duzu aholku berezirik?
Egia esan, ez. Biok enpresa berdinekoak gara eta entrenatzaileak apur bat hotz mantentzen ari dira. Beti bezala ari naiz partida prestatzen: aurkaria ikusita eta ni nola nagoen jakinda. Alde horretatik, saiatzen naiz ligaxkako partidak bezala prestatzen.
Zenbat sarrera eskatu dizute ingurukoek?
Uf, ba askok eskatu dizkidate; kar-kar. Familiako kide asko joango dira partida ikustera, lagunak ere bai, unibertsitateko klasekoak...100 sarreratik gora eskatuko zizkidaten dagoeneko eta badakit batzuek Internet bidez ere erosi dituztela.
Ogeta Uarkape bilakatuko da hortaz domekan.
Errioxatik ere joango da jendea; izan ere, Ogeta pilotalekua nahiko gertu dago eurentzat. Dena den, nik argi daukat herritarrek ez didatela inoiz hutsik egin, beti beraien babes osoa izan dudala bi urte hauetan, eta azken hilabetean zer esanik ez. Eurentzat ere txapelketa polita izaten ari da; ea ahalik eta beranduen bukatzen dugun.