Alkartu elkarteko jai batzordeak esker ona adierazi die izena eman duten sei taldeei: "Demasekoa da! Ezer baino lehen, mila esker Alkartuko arima zein bizipoza mantentzeagatik eta zabaltzeagatik!".
Era berean, pintxo lehiaketa berezirako oinarriak ere zehaztu dituzte:
1. Parte-hartzaile kopurua: 6 taldek eman dute izena. Guztira, 12-15 lagun inguru izango gara.
2. Zenbat janari prestatu behar da? 12-15 pintxo, errazio edo mokadu prestatu behar dira.
3. Pintxoak izena izan behar du.
4. Maridajearen izena ere zehaztu behar da.
5. Prezioa: pintxo, errazio edo mokadu bakoitzak gehienez 5 euroko balioa izan behar du.
6. Janariaren kostua: egunean bertan esango diguzue zenbat kostatu zaizuen janaria. Hau da, talde bakoitzak egindako gastuen tiketak bildu eta ekarri beharko ditu. Ondoren, guztion artean gastatutako dirua zatitu, eta ateratzen den kopurua pertsonako ordainduko dugu.
7. Ordutegia: 20:30erako pintxoak, errazioak edo mokaduak prest egon behar dira.
8. Antolaketa: Egunean bertan, antolatzaileak 19:00etarako egongo dira Alkartun. Zuek iritsi ahala, zer janari mota prestatu duzuen gainbegiratuko dute. Horren arabera, 20:30etik aurrera zer edari eta zer janari aterako diren erabakiko dute aurretik, talde bakoitzari dagokion txandaren arabera.
Adibidez, talde batek labetik atera berri den zerbait prestatzen badu eta beste batek postre gozo bat, lehenengo labetik atera behar dena aterako da. (Adibide bat besterik ez da!) Hori guztia egunean bertan adostuko dugu.
9. Iritsiera ordua: Talde bakoitzak kalkulatu beharko du prestatuko duen eta deman aurkeztuko duen pintxo, errazio edo mokadua egiteko zenbat denbora behar duen. Dema noiz hasiko den badakigunez (20:30ean), talde bakoitzak erabakiko du zer ordutan etorri behar duen prestaketak garaiz amaitzeko.
10. Aurkezpena eta balorazioa: 20:30ean, sei taldeek banan-banan aterako dituzte maridajea eta janaria mahaira. Janaria atera ahala, balorazio-orriak beteko ditugu. Talde bakoitzak balorazio-orri bakarra izango du beste taldeen proposamenak baloratzeko, eta gainerako talde bakoitzak bere balorazio-orria emango dio.
11. Zer baloratuko da? Itxura, zaporea, maridajea eta originaltasuna.