1976ko uztailaren 16an ireki zen Alkartu ofizialki: "Lokala erosteko eta egokitzeko lanak lehenago hasi ziren baina 1976ko uztailaren 16an etorri zen Jose Luis Iñarra parrokoa inauguratzera. Iñarraren azken inaugurazioa izan zen, gainera. Iñarrari atera zitzaion argazkia Alkartuko inauguraziokoa da, oso ondo gordetzen duguna", dio Alkartuko presidente Iratxe Hernandezek. Eduardo Hernandez bazkide-sortzailearen alaba da, eta urte eta erdi darama presidente bezala: "Bi urteko agintaldiak izaten dira".

Hasiera gogorra izan zen
Gaur egun 88 bazkide ditu Alkartuk eta lokala beti egon izan da leku berean. “Atzoko ekitaldian komentatu zuen lehen presidente izan zen Jose Luis Osinagak lehen urteak gogorrak izan zirela. Franco hiltzear zela, bi estatutu eredu sortu zituzten; A estatutuak ziren elkarteko bazkideek martxan jarri nahi zituztenak eta B estatutuak, berriz, Guardia Zibilari aurkeztekoak".
Lokala lur azpiko solairu batean erosi zuten eta lehen urte haietan urez bete zitzaiela ere kontatu zuen atzo Osinagak, besteak beste: "Auzolanaren bitartez ura atera eta ondoren dena ondo egokitu zuten; ordutik bertan jarraitzen dugu".

Monterron parkean egindako ekitaldian Iratxe Fernandezek berak egin zituen aurkezle lanak eta ondoren hitza eman zion Jose Luis Osinagari. Osinagaren ondoan egon zen atzokoan Luis Mari Muruamendiaraz, hainbat agintalditan presidente izan zelako. "Osinagaren eta Muruamendiarazen artean elkarteko hainbat gorabehera eta anekdota kontatu zituzten; oso gustura egon ginen". Monterroneko "ekitalditxo ofizialean", Alkartuko bazkideez gain beste elkarte batzuetako ordezkariak eta Maider Morras alkatea izan ziren, besteak beste.

Ospakizunak, nola ez, Alkartun jarraitu zuen gero. Alkartuko bazkide Mikel Balantzategik eta Ruth Osinagak aurreskua abestu zuten, Ibon Gonzalez eta Maialen Agirre bazkideek dantzatzen zuten bitartean. Ondoren, Alkartu elkartearen eta Arrasateren gaineko galderez osatutako triviala izan zuten: "Hunkigarria bezain dibertigarria izan zen".

Beste zenbait elkarte, mende erditik gertu
Duela 50 urte ireki ziren Arrasaten elkarte gastronomikoetako asko: "Iaz Hamaika Gaztek bete zituen 50 urte eta lehenago izan ziren batzuk baina Alkartu ere lehenengoetarikoa izan zen. Orain etorriko dira beste hainbat urteurren", dio Hernandezek.
Urtea bukatu aurretik, urrian, azaroan eta abenduan ekitalditxoren bat antolatu nahian dabiltza; ardo dastatze bat edo sukaldaritza ikastaro bat, kasu. Amaitzeko, 50 urte bete berritan, bazkide berriak ondo etorriak izango direla adierazi du Hernandezek.