"Erakusketa berezi bat", Irakurketa Feministen Gunearen 10. urteurrena ospatzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu

Emakume Txokoko Irakurketa Feministen Guneak hamar urte bete ditu, eta urteurrena ospatzeko, erakusketa bat eta erakustoki tematiko bat antolatu dituzte Emakume Txokoarekin eta Arrasateko Bibliotekarekin elkarlanean. 

Hamar urte igaro dira Emakume Txokoko Irakurketa Feministen Guneak ateak ireki zituenetik. Ordutik, irakurketaren bidez, emakumeek eta disidenteek idatzitako lanak eta askotariko errealitateak ezagutzeko, gogoeta feminista sustatzeko eta bizipenak partekatzeko elkargunea izan da. Bada, Udaletik adierazi dutenez, hamargarren urteurrena ospatzeko, Emakume Txokoarekin eta Arrasateko Bibliotekaren laguntzarekin, bi proposamen prestatu ditu, hamar urte hauetan egindako ibilbidea eta partekatutako irakurketak herritarrei hurbiltzeko.

Erakusketa eta liburu kuttunenak bibliotekan

Batetik, Emakume Txokoan ikusgai dago dagoeneko Irakurketa Feministen Gunearen hamar urteko ibilbidea jasotzen duen erakusketa interaktiboa, azaroaren 14ra arte. QR kodeen bidez, liburuei eta bizipen pertsonalei buruzko hainbat ahots entzuteko aukera ere izango da. Erakusketa astelehenetik eguenera bisitatu ahalko da, 10:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara.

Bestetik, Arrasateko Liburutegian erakustoki tematiko bat ere jarri dute ikusgai, taldearen "irakurketa kuttunenak" biltzeko. Bertan, azken hamar urteetan irakurritako liburuen artean aukeratutako lanak ezagutzeaz gain, taldekideen ekarpenak jasotzen dituen Kuttunenak liburuxka ere eskuragarri dago. 

Bi ekimenen bidez, herritarrak Irakurketa Feministen Gunea ezagutzera, liburuen artean kuxkuxean ibiltzera eta urte hauetan partekatutako irakurketa eta bizipenetara gerturatzera gonbidatzen dituzte antolatzaileek. "Hamar urteko ibilbidea ospatzeko eta irakurketaren bidez gogoeta feminista partekatzen jarraitzeko aukera da honako hau", adierazi dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak