Udazkeneko egitaraua berezi dator, Irakurketa Feministen Taldearen mugarri eta guzti

Jokin Bereziartua Lizarazu

Eva Abuin, Esther Lizarralde, Rosa Alzelai, Miren Bengoa eta Lourdes Jauregialzo, gaur, Emakume Txokoan egindako agerraldian.

Emakume Txokoak irailetik abendura bitarteko egitarau berria aurkeztu du eta egitarauaren barruan "ikusgarritasun eta garrantzi berezia" izango du Irakurketa Feministen Guneak, aurten hamar urte betetzen ditu-eta; Euskal Herri mailako topaketa berezia antolatu dute azaroaren 14rako. 

Emakume Txokoak irailetik abendura arteko egitarau berria aurkeztu du, Arrasaten berdintasuna, emakumeen ahalduntzea zein sexu eta genero aniztasuna sustatzeko. Udazkeneko programa honen baitan –udaberrian eta udazkenean kaleratzen dituzte programak– kokatzen da Jabetze Eskolaren eskaintza, eta bertako ikastaro nahiz tailerretan izena emateko epea irailaren 21ean irekiko da. 

Egunotan etxeetara iritsiko den liburuxkan jaso ahal izango dira proposamen guztien xehetasunak: Ikusi hemen liburuxka digitala.

Bederatzi ikastaro, eta ohiko zerbitzuei eusten

Jabetze Eskolaren baitan, bederatzi ikastaro nagusi antolatu dira hiruhilekorako, astean behin biltzeko maiztasunarekin emakumeen osasuna, ongizatea eta autonomia indartzeko tresnak eskaintzeko xedez. Artea, kultura eta aisialdia ere landu ahal izango dira ikastaro berrietan, Horrekin batera, ikastaro laburragoak edo-eta tailerrak ere eskainiko dira, besteak beste,  indarkeria matxistari aurre egiteko tresnak lantzeko. 

Bestalde, Emakume Txokoak ohiko zerbitzuei eutsiko die; arreta, informazio eta orientazio orokorraz gain, aholkularitza juridikoa ikuspegi feministatik eskaintzen jarraituko du hilean behin, aldez aurretik izena emanda.

'Ahotsak batu, begiradak eraldatu' topaketa

Udazkeneko egitarauaren barruan, "ikusgarritasun eta garrantzi berezia" izango du Emakume Txokoko Irakurketa Feministen Guneak, aurten hamar urteko ibilbidea betetzen baitu. Hilean behin eguenetan elkartzeko aukera eskaintzen duen gune honetan, emakumeek eta disidenteek idatzitako liburuen inguruko solasaldiak proposatzen dira.

Urteurrena dela eta, hainbat ekimen antolatu dituzte:

  • Erakusketa: Urritik azarora bitartean, Irakurketa feministen gunearen 10 urteko ibilbidea biltzen duen erakusketa bat bisitatu ahal izango da Emakume Txokoan.
  • Topaketa nagusia: Udazkeneko ekimen nagusia azaroaren 14an izango da: Irakurketa Feministen Taldeen Topaketa ospatuko da Kulturaten (Arrasate), Ahotsak batu, begiradak eraldatu lelopean.

Topaketa hau Emakume Txokoak eta bertako Irakurketa Feministen guneak elkarlanean antolatu dute, ahalduntze kolektiboa eta eragileen zein taldeen arteko saretzea bultzatzeko helburuarekin. Topaketan, hainbat herrietako irakurketa feministen taldeak gonbidatu dira parte hartzera, aldi berean egongo diren liburuen solasaldietan.

Topaketaren egitarau osoa, liburuen zerrendekin, eguneko plangintzarekin eta izena emateko bide eta epeekin Emakume Txokoaren webgunean topatu ahal da.
Izena emateko epea urriaren 4ra bitartean izango da zabalik.

Ateak zabalik eta informazio praktikoa

Emakume Txokoak gogorarazi nahi du espazio hau gune irekia dela, proposamenak jasotzeko zein beste eragile batzuekin elkarlanean aritzeko ateak zabalik dituela. Beraz, herritar guztiak gonbidatu nahi ditu udazkeneko ekimenetan parte hartzera eta hausnarketa zein sentsibilizazio feministako gune hauetaz gozatzera.
Informazio gehiago jasotzeko edo harremanetan jartzeko: emakumetxokoa@arrasate.eus edo 618206233 telefonoan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak