Jardun Koordinadorak haren aurkako "kriminalizazio kanpaina" salatu du Eskoriatzan atxilotutakoen harira. "Atxilotuen irudiak, izen-abizenak, difamazioak, senideen aurkako erasoak edota gezurrik makurrenak darabilte hedabide zein sare sozialetan. Hori gutxi ez eta atxilotuak epailearen aurretik pasa baino lehen jada errudun deklaratu dituzte. Gainera, horiek Jardun Koordinadorarekin lotzeko saiakera egiten ari dira, proiektu politikoaren aurkako inoizko kriminalizazio kanpainarik handiena aurrera eramateko", nabarmendu du, ohar bidez.
Haien ustez, ez da kasualitatea. "Euskal Herri Langileari askatasunerako bidea eman diezaiokeen alternatiba iraultzaile bat gorpuzteko arriskua ikusten dutenean gertatu da; estatu zapaltzaileei ezinbestekoa zaie beren arma guztiak hartu eta gupidarik gabe euskal militante politiko ororen aurka oldartzea", salatu dute.
Kanpaina mediatikoaz gain, poliziala ere azpimarratu dute. "Koordinadoraren parte garen militanteok pairatzen ari garen jazarpen poliziala salatu nahiko genuke. Izan ere, azken egunetan gure militanteen gaineko jarraipen eta presio polizialak areagotu baitira".
Horrekin batera, diote, "jazarpen polizialak eta gezurrez beteriko kontakizun faltsuen zabalpenak", "ebidentzian" uzten dituela "Jardun legez kanpo uzteko" helburua.