Eskoriatzako kontrol batean identifikatutako bi lagun terrorismo delitua egotzita atxilotu dituzte

Xabier Urtzelai

Bi ertzain, artxibo irudian.

Joan den irailaren 26an, Eskoriatzako kontrol batean, Ertzaintzak "material delikatua" zeramaten hiru pertsona identifikatu zituen. Eta, segurtasun indarren arabera pertsona horiek "aurrekari garrantzitsuak" zituzten. Antzemandako materialaren artean, segurtasun-indar eta kidegoei buruzko informazioa aurkitu zuten, bai eta, ustez, armak eta lehergaiak zituen leku batera joateko argibideak ere. Ertzaintzak atzo atxilotu zituen identifikatutako hiru lagunetako bi, abokatuekin Irungo komisaldegira bertaratu ziren unean.

Irailaren 26ko Eskoriatzako kontrol hartan antzemandako materiala zein zen ikusita, eta identifikatutako lagunek aurrekariak zituztenez, Ertzaintzak ikerketa hasi zuen, eta, horren ondorioz, Auzitegi Nazionalarekin harremanetan jartzeko bideak ireki zituen, kontuan hartuta gertakariak ustezko terrorismo-delitua izan zitezkeela. Hurrengo egunetan, Ertzaintzaren Inteligentzia Bulego Nagusiak aurrera egin du ikerketarekin, eta hainbat bilera egin dituzte Auzitegi Nazionaleko agintari judizialekin.

Azken egunotan, ikerketak eta Auzitegi Nazionalarekin izandako harremanek "aurrerapauso nabarmenak" izan dituztela adieraz dute ohar bidez. Atzo, hilak 17, ikertutako pertsonetako bi Irungo ertzain-etxera joan ziren, abokatuarekin batera, eta une horretan atxilotu egin zituzten, ikerketen garapena eta Auzitegi Nazionalarekin egindako kudeaketen ondorioz. Atxilotuak 34 urteko gizon bat eta 22 urteko emakume bat dira, biak espainiar nazionalitatekoak, eta ustezko terrorismo delitu batengatik ikertuak.

Bi atxilotuei deklarazioa hartu eta beharrezko ikerketa-eginbideak egin ondoren, atxilotutako bi pertsonak Auzitegi Nazionalaren esku jarriko dituzte lehenbailehen. Bien bitartean, Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak