Kulturolan dute entsegu gunea, eta presidenteak gelako ateak zabaldu dizkio Goienari taldearen inguruan hitz egiteko.
Nondik datorkizu kantuekiko zaletasuna?
Beti gustatu izan zait abestea eta etxean ez bazegoen ere erreferentziatik, posible izan nuenean hasi nintzen kantuan koruan. Gainera, beti izan da lagunekin egin dudan zerbait, eta hori da, azken finean, abestean gehien gustatzen zaidana; lagun artean egotea.
Zer dela eta erabaki zenuten Txorbela Otxotea sortzea?
Otxoteak ahots baxuak direnez, talde bat sortu genuen Goikobalun eta koruan abesten genuen lagun batzuen artean. Entseguen ostean beti txikito batzuk hartzen genituen eta berbetan egoten ginen edozein gaien inguruan. Halako batean, Otxote talde bat sortzeko ideia atera zen, eta ez genuen zalantza handirik izan. Ikusi genuen nahikoa jende ginela, eta taldea sortu genezakela ikusita, Txorbela Otxotea sortu genuen 2008ko udazkenean.
"Jende falta somatzen badugu ere, taldean jarraitzen dugunok pozik gaude"
Gaur gaurkoz, nola dago taldea?
Zortzi abeslari eta zuzendari bat gaude gaur gaurkoz Txorbela Otxotean. Jende falta somatzen dugu, eta taldekoen adinak ere aurrera egiten duenez, ez da egoerarik errazena. Urteetan jendea joan egin zaigu, eta gaur gaurkoz talde bat osatzeko gutxieneko partaideekin geratu gara. Batek kale egiten badigu gero besteren bati deitu behar diogu ekitaldietan parte hartzeko, baina taldean jarraitzen dugunok pozik gaude. Momentuz ondo gabiltza.

Zer egiten duzue urtean zehar?
Astean behin egiten ditugu saioak Kulturolan, eguenetan, eta bi ordu ingurukoak izaten dira. Abestiak prestatzen ditugu ekitaldietarako. Arrasateko Udalak guri lokala uzten digunez, akordio bat egiten dugu haiekin. Gu urtean zehar konprometitzen gara lau ekitalditan parte hartzen, eta lau ekitaldi horietaz gain, gure gauzak egiten ditugu; esaterako, txikiteroen egunean Bilbora joan ginen duela bi urte, Araiara, Iruñeara…Uda partean edo udaberrian kontzertu bana egiten dugu.
"Otxoteentzako eta ahots baxuentzako errepertorioa oso laburra da: gustatuko litzaiguke errepertorio berriak egitea"
Gero, esaterako, otxote topaketa hau beste konpromezu bat da, eta gabon inguruan kontzertu bat egingo dugu. Urtea amaitzeko, gabon zahar egunean kalean zehar izaten gara kantuan. Horiek dira ekitaldi finkoak, gero tartean beste batzuk suertatu daitezke.
Asko hitz egin duzue errepertorioaren inguruan. Zer nolakoa da Otxoteko errepertorioa?
Normalean Otxoteentzako eta ahots baxuentzako errepertorioa oso laburra da. Aita Madina, Aita Donostia eta musikari beteranoek egiten zituzten, baina orain Otxoteentzako inork ez du egiten. Gaur gaurkoz egiten direnak koro mistoentzako errepertorioak dira. Hori horrela izanda, gustatuko litzaiguke jendeak ahots baxuentzako errepertorio berriak egitea.
Musika egiten bada ere, egiteko modua bera aldatu egin da.
Erabat. Jende gazte gutxi ikusten dugu kantuan, eta jende gazteak nik uste dut jauzi handia ikusten duela Otxote batean izatera, baita ere, izan daiteke gazteentzat zaharren kontua dela Otxoteena, baina ez dakit zehazki zer pentsatzen duten. Musika egiteko modua bera aldatu baita.
"Hamazortzi urte hauetan Euskal Herri osoko taldeekin elkartzeko aukera izan dugu; ederra da ikustea urteetan lagun asko egin ditugula Otxote taldeari esker"
Ulertzen dut, jende asko ezagutu duzuela Otxoteei esker, ezta?
Euskal Herri osoko taldeekin izan gara hamazortzi urte hauetan. Beti daude harreman onak taldeekin, eta ederra da kanpoan lagun berriak egitea eta ikustea urteetan lagun asko egin ditugula Otxoteari esker. Azkenean, bidaia asko izan baitira: Galizian, Granadan, Suedian.
Nolatan Suedian?
Stocholmoko operako koru zuzendariaren alaba Donostian ikasten egon zen, eta hura izan zen zubia gure eta Suediaren koruaren artean. Bertan, koru talde bat prestatu zuten, eta elkarrekin abesteko aukera izan genuen.
Horrenbeste urteren ostean, zerk bultzatzen zaitu Otxote taldean jarraitzeko?
Horrenbeste urtez elkarrekin abesten egon ostean harreman estu bat sortu da taldekideekin. Afariak eta bazkariak egiten ditugu, eta entsegu ostean beti txikiteoa egiten dugu. Guretzat lagunen artean geratzea bezalako zerbait da entseguak egitea.
"Abesten jarraituko dugu ahal den bitartean"
Aurrera begira, nola gustatuko litzaizuke ikustea Txorbela Otxotea?
Posible den heinean jarraitzea gustatuko litzaidake. Talde bezala, Txorbela Otxoteko kideok ez dakigu zenbat urte iraungo dugun abesten, baina jarraituko dugu ahal den bitartean.
Arrasteko III. Otxote Topaketa
Hirugarren topaketa egin zenuten orain gutxi. Nola joan zen?
Uste genuen moduko eguna izan zen. Eguna hasteko kontzertua egin genuen San Frantziskon, gero denon artean beste bi abesti egin genituen kontzertua amaitzeko, eta ostean kalera irten ginen. Lau tabernetan izan ginen kantuan. Bazkaldu genuen, elkarte batean egon ginen, eta ederto egon zen. Giro ederrean ospatu genuen topaketa.
Zazpi urteren ostean. Nolatan aurten?
Aldaketa asko izan dira tartean. Horrek ere gauzak zeharo aldatu ditu. Guri ere zuzendariak joan zaizkigu, eta taldearen bilakaera ikusita, erabaki genuen daukagunarekin aurrera egitea eta gaur gaurkoz garen taldeari ahalik eta probetxurik handiena ateratzea.
Topaketek ematen dutenarekin beti egon zarete oso gustura. Pentsatuta duzue nola edo noiz egingo duzuen hurrengoa?
Topaketarekin adostu genuena da hurrengo urtean Errenteriako topaketara joango garela. Baina, aurrera begira, oraindik ikusteko dago nondik egongo garen.