Zer moduz zaude? Elkarrizketarako prest?
Ez nuen GOIENAren deia espero, egia esan. Ez da lehen aldia, gainera. PUNTUA aldizkarian Debagoieneko gimnasten gaineko erreportaje baterako ere deitu zidaten...
Zein da zure egunerokoa? Nor da Kai Luengo Elkoro gimnasia mundutik kanpo?
Institutuan ari naiz ikasten, eta klaseetatik kanpo euskal dantzetan ere ari naiz. Horrez gain, lagunekin egotea gustatzen zait.
Urtarrilean hasiko duzue denboraldia, baina lanean irailetik hasten zarete. Zergatik?
Lehiaketen denboraldia urtarrilean hasten da, baina irailetik hasten gara entrenamenduekin. Entrenamenduetan lehendabizi prestaketa fisikoa lantzen dugu eta ondoren hasten gara koreografiekin. Ahalik eta puntuazio onenak lortzeko ahalik eta koreografia landuenak egiten saiatzen gara; oso zorrotza da gimnasia eta koreografia berriak ahalik eta ondoen saiatzen gara sortzen.

Ze helburu izango dituzu 2026-2027 denboraldirako?
Ahalik eta sasoikoen heltzea eta urte osoan zehar egiten dugun lana ahalik eta ondoen erakustea. Horrez gain, lehiaketa heltzen den egunean urduritasuna kontrolatzea, ez da-eta batere erraza izaten. Kontzentratuta mantentzea da gakoa.
"Lehiaketa heltzen den egunean urduritasuna kontrolatzea ez da erraza izaten; kontzentratuta mantentzea da gakoa"
Zeintzuk dira orain arteko zure lorpen handienak?
Gimnasia erritmikoan Gipuzkoako Txapelketako finalera heldu nintzen iaz, eta aerobikoan Espainiako Txapelketan lehiatu nuen: bikoteka lehen postua lortu genuen, taldeka bigarren postua eta bakarka hirugarren postua lortu nuen. Hirukotean Espainiako seigarren geratu ginen; oso pozik nago Espainiako Txapelketan lortutako emaitzekin. Ondo egindako lanaren emaitza izan zen.
Etorkizunera begira, zein da zure ametsa?
Munduko onenen artean aritzea da nire ametsik handiena. Izan ere, aurten munduko txapeldun Miquel Mañé [Calafell, Katalunia, 2003) ezagutu dut; Espainiako Txapelketan ezagutu nuen eta gero Iruñean izandako munduko txapelketan berarekin egoteko aukera ere izan genuen. Aste bukaera ederra pasatu genuen Iruñean, Munduko Txapelketari esker.
"Arinagoa eta dinamikoagoa delako, aerobikoan moldatzen naiz ondoen"
Zergatik gustatzen zaio gehiago gimnasia aerobikoa?
Arinagoa eta dinamikoagoa delako; aerobikoan moldatzen naiz ondoen.
Gimnasian, zer da garrantzitsuagoa zuretzat: indarra, malgutasuna ala burua?
Burua. Zerbait gaizki irteten denean burua indartsu izan ezkero aukera gehiago izan ohi dira irtenbide egoki bat topatzeko. Eta, aerobikoan bereziki, irtenbideak azkar aurkitu behar dira.
Goazen atzera. Nola eta noiz hasi zinen gimnasia artistikoan?
Esan daiteke arrebagatik hasi nintzela. Beti joaten nintzen arreba ikustera eta oso gustura joaten nintzen; halako batean, izebak deitu ninduen toki bat zegoela esanez eta ea nahi nuen probatu. Probatu nuen, eta gaur arte. 9 urterekin hasi nintzen, eta ordutik oso gustura nabil.

Zer da, labur-labur esanda, epaile batek baloratzen duena?
Alde artistikoa, zailtasuna eta exekuzioa. Edozein akats zigortzen da, eta askotan ikusleak ere ikusten ez dituen detaile txikiak dira; oso kirol zorrotza da.
Zenbat ordu entrenatzen dituzu astean?
Gimnasia erritmikoa eta aerobikoa aintzat hartuta, astelehenetan, eguaztenetan eta egubakoitzetan bi ordu eta erdi egiten ditut. Gero, zapatu goizetan, aerobikoa bakarrik egiten dut bi orduz.
"Kirol honetan pertsona oro da ondo etorria, eta mutilak ere animatuko nituzke probatzera"
Zer esan nahi du zuretzat Arrasateko Dragoi gimnasia taldeko kide izateak?
Nire taldea da, baina taldekide hutsak izatea baino askoz gehiago gara. Leku guztietara joan ohi gara batera. Asko zor diot Arrasate Dragoi Taldeari.
Emakumezkoak nagusi diren kirolean, badago lekurik gizonezkoentzat?
Kirol honetan pertsona oro da ondo etorria, eta mutilak ere animatuko nituzke probatzera. Probatu barik ez dago jakiterik gustatuko zaizun edo ez.
Gimnasia zure bizitzatik desagertuko balitz bihar, zer botako zenuke faltan gehien?
Ez dakit zehazki zer, baina hutsunea bai sentituko nukeela. Iza ere, oso gustura nabil.