Arrasateko EAJk ohar bidez eman du aditzera herriko haur-parkeen egoera "kaskarra" dela, eta Zaldibarkoa jarri dute horren adibide gisa: "Hainbat elementuk hondatuta jarraitzen dute udatik. Haur-parkeek askoz ere arreta handiagoa merezi dute. Ezin dugu normaltzat hartu elementu bat hondatu eta konpondu gabe hilabeteak igarotzea", dio EAJko eledun Ander Garayk.
EAJk "jauzi bat" eskatu du
Horrez gain, Santa Barbara eta Obenerrekako parkeak berritzea eta mantenu-lanetan "jauzi bat" ematea ere eskatu du Garayk, "familiei urte osoan zehar espazio zaindu eta egokiak eskaintzeko". EAJko bozeramaileak gaineratu du, besteak beste, Udal Gobernuan egon ziren urteetan, 2015etik 2023ra, "dozena bat" haur-parke berritu zituztela, eta lau parke estali: Cordoba y Oro, Uribarri, Gorostiza eta Makatzena. "Parkeak pixkanaka hobetzeko plangintza eta inbertsioa egon ziren. Orain anbizio hori berreskuratu behar dugu: agintaldi honetan ez da parke bakar bat ere berritu, eta mantenu-lanen gabeziak gero eta agerikoagoak dira".
Eskola barruko parkeak, asteburuetan zabalik
Bestalde, EH Bilduren Udal Gobernuak dio agintaldi honetan, 2023an eta 2024an, "bi haur parke pedagogiko berri" eraiki direla bi eskola gunetan, alegia, Erguingo eta San Andresko herri eskoletan. "Patioan kokatuta badaude ere, zabalik daude herritarrentzat eta haurrentzat asteburuetan eta jai egunetan. Haur parke berriak sortu ditu Udalak baina eskolen eremuei lotuta, aisialdiko erabileraz gain, eskola orduetan ere erabiltzeko", adierazi dute ohar bidez. Eta gaineratu dute Santa Teresa auzoan hirugarren parke bat bidean dagoela: "Kasu honetan, proiektua ez du Udalak gidatzen, Arizmendi Ikastolak baizik. Lursail publikoan kokatutako espazio bat egokituko du ikastolak, Udalaren laguntza ekonomikoarekin".
Santa Barbarako haur parkeari dagokionez, Udal Gobernutik diote parkea erabat berritzeko lehiaketa publikoa atera dutela aurten, baina lehiaketa hutsik geratu dela: "Proiektua PlazaBizi ekimenetik sortu zen, bertatik abiatutako parte hartze prozesu eta hainbat eragileren elkarlanari esker; tartean, Udala. Proiektuak gainkostu bat izan dezakeelakoan, hau berriro aztertzen ari da Udala".
Biteriko parkerako aurreproiektua
Udal Gobernuak dio "uneoro" daudela mantenu lanak eta konponketarako inbertsioak: "Konponketei dagokionez, zerbait apurtzen dela jakinarazten digutenean BAZeko abisu, kexa eta iradokizun gunetik, Udaleko brigadakoek konpontzen dute ahal bezain laster; batzuetan konponketak atzeratu daitezke pieza jakin batzuk eskatu behar direlako". Eta, diotenez, agintaldi honetan hiru parketako lurzorua berritu dute: "Oso egoera txarrean aurkitu zituen Udal Gobernuak 2023an: Zaldibar parkeko lurra, Biteriko lurra eta Musakolako haur parkearen lurra".
Era berean, Udal Gobernutik azaldu dute Erguin-Gorostizako aterpean mantenu lanak egin zirela "hainbat arazo" zituelako, eta 2026ko urtarrilean erre zuten Makatzenako haur parke berriarekin lanean ari direla diote: "Proiektua idazteari ekin zaio, aseguru etxearekin batera kalte ordainak bideratzen diren bitartean".
Etorkizunari begira, Biteri plazako haur parke berria aipatu dute: "Biteriko jolas parkeari aterpe bat jarri nahi dio Udalak, Biteri plazako eraberritzearekin batera. Aurreproiektu bat eskatu da Biteri Plazako eraberritzea aztertzeko, tartean haur parkearen aterpe berria txertatuz, eta epe laburrean amaitu eta ezagutzera ematea aurreikusten du Udalak".