Muruak esandakoa berretsi du kantxan, gerra ematera etorri da Lau eta erdikora (22-19)

Xabier Urtzelai

Elordi sakea egiteko puntuan, atzo Azkoitian. Argazkia: Iraia Oteiza / GUKA.

A serieko Lau eta erdikora sailkatzeaz konformatu ez eta txapelketako debutean, atzo Azkoitian, Ander Muruak 19-22 hartu zuen mendean Elordi. Bistan da arrasatearrak txapelketa aurretik esandakoak ez zituela alperrik esan, torneora ez da paseatzera etorri. 

Txapelketara sailkatu izana modu oso positiboan baloratu zuen Ander Muruak Goiena paperean, egubakoitzean. Izar handien aurrean jokatzeko aukera ematen ziolako egun batzuk lehenago Senar mendean hartu izanak. Bada, lehenenko izarrari, Elordiri, irabazteko kapaz izan da, eta egubakoitzean esandakoak zentzu handiagoa hartzen du orain: "Onenen aurrean jokatzeak errespetu handia ematen dit, baina nik dena daukat irabazteko". Bada, arrasatearra hasi da errespetu hori galtzen.

Hasiera oso ona

Arrasatearrak partidaren lehen zatian goitik behera menderatu zuen mallabiarra, eta 10-3 jarri zen aurretik. Ordea, gero Elordik erreakzionatu egin zuen, eta 12-7 hurbildu zen markagailuan. Muruak, baina, patxadaz eta buruaz jokatu zuen Gurean, eta berriz ere ihes egin zuen markagailuan, (17-11). Elordik sufritzen jakin zuen partidaren bukaerako hondarrean, eta azkenean, bete-betean sartu zen partidan. Lehiako bigarren atsedenaldian, Gureako frontoiko markagailuak 18-15 erakusten zuen. Etenaldi horren ondoren ere aurrera egin zuen mallabiarrak, eta 20-19 jartzeraino estutu zuen norgehiagoka. Tentsioa nagusi zen unean, baina, Muruak partida ixten jakin zuen, eta amaieran, 22-19 irabazi zuen.

Artolak eta Rezustak galdu

Lau eta erdiko partida horren aurretik, eskuz binakako jaialdia jokatu zuten. Batetik, Iñaki Artola eta Beñat Rezusta aritu ziren, eta bestetik, Iker Larrazabal eta Jon Mariezkurrena. Larrazabalek eta Mariezkurrenak lortu zuten garaipena, Artola eta Rezusta hamasei tantoan utzita. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak