Azaroko bibote solidarioek lekukoa hartuko duen talde berri bat behar dute

Jokin Bereziartua Lizarazu

Mondravember ekimeneko kideen talde-argazkia, Herriko Plazan, iaz, biboteen lehiaketaren ondoren.

Mondravember desagertu egingo da urte amaieran ez bada beste boluntario talderik aurkezten; irail amaieran agur-gutuna kaleratu zuten. Azaroan ez dago egitaraurik. 

Azaroan zehar gizonen osasunari ikusgarritasuna emateko asmoz sortu zen Mondravember elkartea desagertu egingo da abenduaren 31n, lekukoa hartuko duen herritar talderik agertzen ez bada. 12 urteko ibilbidea egin dute orain arte, "helburu sinple bezain garrantzitsu" bati helduta: "Urte hauetan guztietan, prostatako minbizia, barrabiletako minbizia, depresioa eta gizonen osasun fisiko eta mentalarekin lotutako hainbat arazo mahai gainean jarri ditugu, topaketak, ekintzak eta kontzientziazio-guneak antolatuz". 

Irailaren 28an eman zuten agurraren berri, eta ordutik ez da inor hurbildu lekukoa hartzeko prest; hortaz, azken orduan beste boluntariorik agertzen ez bada, behintzat, aurtengo azaroan ez da egitaraurik izango. 

Elkartea egoera onean utzi nahi

Mondravember elkarteko bozeramaile ohi Iban Arroiabek (Arrasate, 1969) dio "oso harro" daudela orain arte egindako bideaz, baina euren bidea helmugara heldu dela dio: "Azken urteetan, bereziki, taldetik tiratzen ibili behar izan dugu lanak banatzeko... Horregatik, elkartea egoera onean uztea erabaki dugu. Mondravember hasi zenetik iazko ediziora arte, in crescendo joan gara, eta uste dut lekukoa inork hartzen ez badu toki onean utziko dugula. Ez genuen nahi elkartea gainbeheran zegoela utzi". Arroiabek gaineratu du "pena handiz" hartutako "erabaki hausnartua eta naturala" izan dela uztearena: "Denontzat onuragarria den ekimen osasungarri bat da; oso polita izan da orain artekoa, baina gure partetik heldu da amaiera".

350 eurotik, 10.000 eurora 

Lehen ediziotik azkenera arte ikerketara bideratu dute batutako diruaren %100. "Gogoan dut lehen edizioan Movember fundazio orokorrari egin geniola 350 euroko ekarpena, baina, ez geundenez erabat ziur diru hori nora zihoan, bigarren ediziotik aurrera erabaki genuen zero kilometroa lantzea. Eta, bila ari ginela, tril egin genuen Cic Bioguneko Arkaitz Carracedo ikerlariarekin. Tipo oso gertukoa, jatorra eta umila da Carracedo; instalazioak ere bisitatu genituen, eta ordutik ez dugu zalantzarik izan urteroko ekarpena haren taldeari bideratzeko". Lehen edizioan 350 euro izan ziren, eta iaz 10.000 euro batzea lortu zuten; elkartearen ibilbide osoa aintzat hartuta, ia 100.000 euro bideratu dituzte prostatako minbiziaren ikerketara.

Esker ona, eta segitzeko deia

Agurtzeko orduan, esker on hitzak ditu Arroiabek Arrasateko herriarentzat: "Lantoki, tailer, komertzio zein norbanako, jende askok lagundu digu. Laguntzaile horiekin guztiekin betirako egongo gara eskertuta". 

Gainera, urteen poderioz Mondravember elkartea bera herrian ezagun egin dela uste du Arroiabek: "Lehen edizioetan apenas ezagutzen gintuen inork, baina azken urteotan ezagun egin dira gure biboteak. Era berean, apal diogu herriarentzat interesgarriak diren ekintzak antolatu ditugula, eta azaroan bizipoz apur bat ekarri dugula herrira. Horregatik, ekimen eder hau gal ez dadin, ozen diogu ateak irekita daudela oraindik; gutako edonorengana hurbildu, eta gertu egongo gara lekukoa pasatzeko". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak