Mondravember: "12 urteko ibilbidearen ondoren, agur esateko unea iritsi da"

Jokin Bereziartua Lizarazu

Mondravember-ekoak iaz, Herriko Plazan, biboteen lehiaketaren ondoren. 

Azaroan gizonen osasunari ikusgarritasuna emateko asmoz sortu zen Mondravember elkarteak agur-gutuna helarazi du: "12 urteren ondoren, uste dugu Mondravemberrek aurrera jarraitzeko aukera merezi duela, lekukoa hartzeko prest dagoen norbait baldin badago". 

Komunikabideei helarazitako agur-gutunean esker on hitzak dituzte bereziki: "Gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu Arrasateko herriari, urte hauetan guztietan eman digun babesagatik, parte-hartzeagatik eta Mondravember beso zabalik hartzeagatik. Zuen erantzunik, ilusiorik eta konpromisorik gabe, proiektu honek ez zukeen inoiz izan duen dimentsioa lortuko. Gure esker ona enpresa, denda, elkarte, erakunde eta norbanako guztiei ere luzatu nahi diegu, Mondravember-ekin elkarlanean aritu zareten guztioi. Zuen denbora, lana, baliabideak edo ideiak eskaini dituzuenoi, eta behar izan zaituztegunean, besterik gabe, hor egon zaretenoi".

Diotenez, "une ahaztezinak" bizi izan dituzte: "12 urte izan dira lanean, elkartzen, ahalegintzen, une ahaztezinak bizitzen eta, batez ere, helburu bera partekatzen zuten pertsona askoren artean. Denborarekin hazten joan den proiektua izan da, beti atzean laguntzeko, ekarpena egiteko eta posible egiteko prest zegoen komunitate bat izan duena". 

Gizonen osasuna ikusgarri egitea helburu

Gogora ekarri dutenez, "helburu sinple bezain garrantzitsu" batekin sortu zuten Mondravember: "Urtero, azaroan zehar, gizonen osasunari ikusgarritasuna ematea. Mugimenduaren oinarrizko kontzeptua azaroan zehar bibotea hazten uztean datza, eta horrek gai horiei arreta emateko, elkarrizketa sortzeko eta, batez ere, gizonen osasunari eragiten dioten arazoen inguruan kontzientziatzeko modu bihurtu zuen ekimena. Urte hauetan guztietan, prostatako minbizia, barrabiletako minbizia, depresioa eta gizonen osasun fisiko eta mentalarekin lotutako beste hainbat arazo mahai gainean jarri nahi izan ditugu, topaketak, ekintzak eta kontzientziazio-guneak antolatuz". 

Lekukoa nork hartuko zain

Mondravember-ek agur esango dio 2026ko abenduaren 31n, baldin eta ez bada lekukoa hartuko duen inor agertzen: "Mondravember-ek badu historia bat, ibilbide bat eta, batez ere, izateko arrazoi bat. Horregatik, bada pertsona, talde, elkarte edo erakunderik lekukoa hartu, ideia berriak ekarri eta proiektu honi bizia ematen jarraitu nahi dionik, pozik entzungo diegu eta, ahal dugun neurrian, lekukoa emateko prozesuan laguntzeko prest egongo gara. Uste dugu aurrera jarraitzeko aukera merezi duela elkarteak, lekukoa hartzeko prest dagoen norbait baldin badago. Eta, azkenean, inor agertzen ez bada, etapa hau 2026ko abenduaren 31n itxiko dugu, urte hauetan guztietan gure esku egon den guztia egin izanaren lasaitasunarekin eta harrotasunarekin. Pribilegio handia izan da zuen ondoan bide hau partekatzea; 12 urte, milaka istorio eta hitz bakarra: eskerrik asko". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak