Maila nagusiko lau eta erdiko ligaxka jokatuko du Muruak, lehen aldiz

Eneko Azurmendi Barrena

Murua, binakako partidu batean, artxiboko argazkian.

Dario Gomezen lesioak aukera eman dio arrasatearrari, eta Lekunberrin jokatu du final-zortzirenetako kanporaketa, Senarren aurka. Partidu bikaina jokatuta, 22-10 irabazi dio ataundarrari.

Ander Muruak maila nagusiko lau eta erdiko txapelketako ligaxka jokatuko du, lehen aldiz. Final-zortzirenetako kanporaketa jokatzeko aukera eman dio Dario Gomezen lesioak, eta bikain aprobetxatu du arrasatearrak.

Hasiera berdindua izan da eta 5-4 aurreratu da Beñat Senar. Edozelan ere, hori izan da ataundarra aurretik joan den azken unea. Izan ere, ordutik aurrera erabat nagusitu da Murua, partidu borobila eginda. "Hasierako tantoetan bete egin naiz eta jokatzeko modua aldatu dut. Oso ondo atera zait", azaldu du. 

Hala, 18 eta 5eko partzialarekin, 22-10 irabazi du arrasatearrak, modu horretan final-laurdenetako ligaxkarako txartela eskuratuta. "Ez daukat hitzik. Oso pozik nago egin dudan partiduarekin eta garaipenak daukan sariarekin", nabarmendu du.

B serieko binakako txapelarekin batera, ibilbide profesionaleko lorpenik handiena da Muruarentzat. "Izar handienekin jokatzeko aukera izango dut", azaldu du.

Hiru aurkari haundi

Izan ere, iazko txapeldun Peio Etxebarria, lau eta erdian hiru txapel dituen Joseba Ezkurdia eta kirol maila oso onean dagoen Aitor Elordi izango ditu aurkari ligaxkan. "Badakit zaila daukadala, baina etxera guztia emanda joatea nahiko nuke partidu guztietan. Gerra ematera noa". Azkoitian izango da lehen norgehiagoka, datorren zapatuan, Aitor Elordiren aurka.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak