Ander Murua B serieko binakako txapelduna da

Julen Murua Mesonero 2026ko martxoaren 21a

Ander Murua, B serieko finalean.

Muruak, Arkaitz Gabirondorekin batera, mendean hartu ditu Jon Ander Peña eta Ruben Salaberri B serieko eskuz binakako finalean (22-18). Hala, arrasatearrak bere lehenengo txapela lortu du profesional gisa.

Bergarako udal pilotalekuko harmailak mukuru bete dira Murua-Gabirondo eta Peña II.a-Salaberri II.a bikoteen arteko finala bizitzeko. Oso partida gogorra izan da Bergarakoa, eta Murua eta Gabirondo ia partida guztian zehar aurretik izan diren arren, Peña II.ak eta Salaberri II.ak lortu dute partida bukaerara arte bizirik egotea. Halere, momentu erabakigarrienetan finago ibili dira arrasatearra eta gazteluarra, eta halakoek erabakitzen dituzte finalak.

"Sinistu ezinik"

Muruak dio "gutxik" esango luketela eskuz binakako txapela Arrasaten geratuko zela txapelketa hasi zenean, eta "sinistu ezinik" dagoela esan du. "Tentsioarekin" sartu da partidara Murua, "jokoan asko sartu gabe"; Gabirondok, ordea, partida bikaina jokatu du hasieratik bukaerara, eta "partidako izarra" izan dela onartu du arrasatearrak.

Hasieratik hartu dute markagailuan erabakigarria izan den tartea, eta zazpi tanto aurretik izatera ere iritsi dira (14-7), baina Peña II.ak lortu du jokoan sartzea eta markagailuko tartea bi tantora murriztea. Hala ere, arrasatearra eta gazteluarra tinko mantendu dira eta ez diote txapelari ihes egiten utzi.

Zaleen babesa

"Uarkapeko harmailak" ziruditen Bergarako frontoikoak Muruak dioenez; izan ere, gaur urdinez jantzi direnek beroketara irten direnetik jaso dute gertukoenen babesa. "Aldagelatik irten garenean pankarta mordoa ikusi ditugu; Arrasateren eta Gazteluren arteko nahasketa ikaragarria zegoen. Oso polita izan da", onartu du.

Txapelketa borobila

Txapelketa hasieratik elkar "oso ondo" ulertu dute Muruak eta Gabirondok, eta jakin dute zein den euren joko estiloa; Muruak aurrean erritmoa sartzea eta Gabirondok pilota txarrak kentzea eta laugarren koadrotik duen indarra aprobetxatzea, alegia. "Txapelketa ia guztian jokatu dugu modu horretara, eta txapela lortzeko balio izan digu", adierazi du arrasatearrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak