Seber Altube plaza txiki geratu da Maritxu Kajoi gaueko sexu-erasoa salatzeko

Eneko Azurmendi Barrena

Arrasateko Mugimendu Feministak eta Maritxu Kajoi Komisiñuak deituta, elkarretaratzea egin dute, joan den egubakoitzeko sexu-erasoa salatzeko, eta jendetza batu da.

Biktimari eta haren gertukoei "elkartasuna eta besarkadarik beroena" bidali dizkie Arrasateko Mugimendu Feministak, erasoa erabat gaitzetsita. "Haserre gaude. Oso haserre. Haserre, ez dugulako nahi jai guneetan, gure herriko kale eta parkeetan, espazio publikoan mesfidati ibili. Haserre, jaia eta gaua gureak ere badirelako eta guk ere gozatzera irten nahi dugulako. Haserre, gure gorputzekin nahi duzuena egin dezakezuela uste duzuelako. Ez dugu onartzen gure gorputzen eta bizitzen aurkako erasorik. Ez dugu onartzen horren ardura gure gain jartzea, gaia morboz tratatzea, edota gertatzen ari denari garrantzia kentzea, ezta gure askatasunari mugarik jartzea ere. Horregatik, atzo Zumaian egin zuten bezala, gaur kalera atera gara Arrasaten ere, gauez libre izan nahi dugula aldarrikatzeko, eta ez ausart. Kaleak eta gauak gureak ere badirelako!", nabarmendu dute.

Erasoa jasan duen emakumea babestu beharko lukeen sistemak huts egin duelako ere haserre daude, baita, "erasoa jasan duenaren eskaeren kontrara eta haren babesa apurtuz", erasoaren salaketa eta informazioa hedabideetara filtratu delakoere. "Haserre, hedabideetan erasoa jasan duen pertsonaren zaintza, duintasuna eta konfidentzialtasuna albo batera utzi, eta begirada sentsazionalista gailendu delako tratamendu arduratsuaren ordez. Gertaeren egiturazko jatorria aztertu beharrean, beldurra hedatu eta jarrera erreakzionarioak elikatzea eraginez", gaineratu dute.

Indarkeria matxistak hamaika aurpegi dituela azaldu dute, erroa "gizartearen askotariko egituretan" dagoela zehaztuz. "Indarkeria matxista isolatutako gertaera puntuala baino, sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialaren egiturazko biolentzia da. Sistema hori indartzen ari den honetan, inoiz baino gehiago, guztiok hartu behar dugu erasoen gaineko ardura, bakoitzari dagokion lekutik".

Gizonei, erantzukizuna

Horrekin batera, gizonei erantzukizuna eskatu diete. "Indarkeria matxista gizonen arteko aliantzek eta askotariko agenteen arteko paktu patriarkalak sostengatzen dute. Hartu ezazue behingoz indarkeria matxistaren aurkako jarrera irmoa: aztertu zuen jarrerak, interpelatu elkar, erasotzailearen laguna bazara, ez izan konplize eta kargu hartu, eta eraso matxisten aurrean, irmo jokatu. Bada dagokizuen ardura hartzeko garaia!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak