Herriko Plaza goraino bete da gaur arratsaldean, Itaia emakumeen antolakunde sozialistak deitutako elkarretaratzean. Mobilizazioaren bidez, joan den ostiralean, Maritxu Kajoi egunean, bi gizonek neska gazte bati egindako sexu-erasoa salatu dute. Era berean, erasoa jasan duen gazteari babes osoa adierazi gura izan diote.
Elkarretaratzean Itaiako kideek azpimarratu dute gertatutakoa ez dela kasu isolatu bat, eta azken asteetan Euskal Herrian izandako beste hainbat eraso matxista ekarri dituzte gogora. Antolakundearen arabera, indarkeria matxistak ez du etenik, eta, horren aurrean, "gero eta ohikoagoak dira matxismoaren existentzia ukatzen duten edo emakumeen aurkako indarkeria kasu isolatu gisa aurkezten dituzten diskurtsoak".
Eraso bakoitzaren aurrean "erantzutea eta kaleak hartzea" aldarrikatu dute, baita indarkeria matxista gauzatzen dutenak seinalatzea ere, "inpunitatearekin amaitzeko". Halaber, indarkeria matxistari aurre egiteko erantzun eraginkorra "kolektiboki eta modu antolatuan" ematea ezinbestekotzat jo dute. "Indarkeria matxistaren aurka borrokatu! Erasoen aurrean antolatu!" lelopean amaitu dute irakurketa, eta txalo zaparrada batek bete du Herriko Plaza.