BateraLabs-ek klima-aldaketari buruzko foro bat sustatu du Debagoienean

Eneko Azurmendi Barrena

Arrasateko Garaia parke teknologikoan egin dute, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Sailak eta Naturklima Klima Aldaketa Fundazioak sustatuta.

Eskualdeko eragile sozial, ekonomiko eta instituzionalak bildu dira BateraLabs-ek sustatuta egin duten foroa, "klimaren diagnostikoa partekatzeko eta jarduteko lehentasunak identifikatzeko" helburuarekin. Bost ardatz izan dituzte aztergai: trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, lehen sektorea, uholdeak eta hiriko beroa. Halaber, klima-aldaketari tokiko ikuspegitik aurre egiteko, herritarren parte-hartzerako guneak sustatzearen garrantzia azpimarratu dute.

Jasangarritasuneko diputatu eta Naturklimako presidente Jose Ignacio Asensiok nabarmendu duenez, klima-aldaketaren ondorioak tokikoak dira, eta
erantzunek eskualde bakoitzaren errealitatea kontuan hartu behar dute. "Parte-hartzeak aukera ematen digu beharrak non dauden hobeto jakiteko eta politika publikoak orientatzeko, trantsizio ekologikoa bidezkoagoa izan dadin eta bereziki pertsona kalteberenak babes ditzan".

Prezipitazioek, beheranzko joera

Jardunaldian aurkeztutako diagnostikoak eskualdean jada ikusitako klima-aldaketaren seinaleak jasotzen ditu. Hau da, urteko batez besteko tenperatura 0,6 gradu igoko da hamarkada bakoitzeko, eta urteko prezipitazioek beheranzko joera izango dute. "Aurreikusitako agertokien arabera, bero-boladak eta gau tropikalak areagotu egingo dira, eta prezipitazioak irregularragoak izango dira. Gainera, lehorte luzeen eta euri-jasen arteko txandakatzeak uholde-arriskua, mendi-hegalen higadura eta lur-irristatzeak areagotu ditzake".

Basogintza sektoreak biltzen ditu identifikatutako "kalteberatasun nagusietako" batzuk. Diagnostikoaren arabera, "oso kalteberatasun handia" dago suteen aurrean eta handia euri-jasen aurrean. Halaber, "arrisku klimatiko handia" duten habitaten artean, hariztiak eta hostozabalen baso gazteak identifikatu dituzte.

Proposamenak egiteko aukera

Testuinguru horrek "agerian" uzten du "garrantzitsua" dela klima-aldaketaren inpaktuei aurrea hartzea eta eskualde bakoitzari egokitutako erantzunak diseinatzea, "lurraldearen erresilientzia eta herritarren bizi-kalitatea indartuz".

Horretarako, aurrez aurreko saioez gain, herritarrek ideiak eta proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, bateralabs.eus webgunean, edota horretarako jarriko dituzten postontzietan proposamenak utziz. Izan ere, urriaren 12tik 23ra jarriko dituzte Aretxabaletan (Otalora kalea, 1); Arrasaten (Herriko plaza, 1); Bergaran (San Martin Agirre plaza, 1); eta Oñatin (Foruen plaza, 1).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak