Maritxu Kajoi gaueko sexu-erasoa "irmoki" salatu du Arrasateko Udalak

Eneko Azurmendi Barrena

Udalbatzan ordezkatuta dauden lau alderdi politikoek aho batez salatu dute joan den egubakoitzeko sexu-erasoa, adierazpen instituzionala kaleratuz. Aldundiak bat egin du adierazpenarekin.

Sexu-erasoa jasan duen adin txikiko emakumeari "zuzeneko elkartasuna eta babesa" adierazi dio Udalak eta ohartarazi du, era berean, indarkeria mota horri aurre egiteko dituen zerbitzuak eta tresnak haren eskura jarrita dituela lehen unetik. "Biktima adin txikiko emakumea izanik, haren babesa bermatu eta haren nahia errespetatzeko deia egiten du Arrasateko Udalak", dio adierazpenak.

Horren harira, azaldu du kasuan inplikatutako erakunde guztiek errespetatu zutela jarritako salaketa publiko ez egiteko biktimaren nahia. "Arrasateko Udalak, barne protokoloa aktibatuz, nahi hori errespetatu du uneoro. Zentzu horretan, erabat gaitzesten du bestelako erakundeetatik egon zitezkeen filtrazioak".

Komunikabide batek argitaratu du albistea gaur eta Udalak "gogor" salatu du albistea publikatu du hura, "biktimaren nahia eta beharra errespetatu ez izanagatik, eta gaiari eman dion trataera arbuiatuz". Gaineratu du, halaber, egoera gainditzeko, Udalak dituen tresna eta zerbitzuak jarri dituela biktima eta familiaren esku.

Jatorrian, "arazo sakona"

Adierazpenak gaineratu du, emakumeen aurkako indarkeriak erasotzaile eta biktima banakakoak dituen arren, "arazo sakon" daukala jatorrian: "Emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen ideologia". Hori dela eta, gehitu du indarkeria hori ez dela ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. "Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile. Emakumeak desberdintasun eta menpekotasun materialeko egoera batera, bizitza prekario batera behartzen ditu gizartearen antolamenduak. Ez ditu herritar osotzat hartzen, gizonezkoen maila berean, eta ez die aukerarik ematen oinarrizko eskubideen jabe izateko".

Gizon eta emakumeen arteko berdintasun eza dago halako erasoen oinarri oinarrian, Udalak nabarmendu duenez, "emakumeak kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak". Horregatik, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldarrian jarri du azpimarra berriro. "Emakumeen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urraezinak dira. Eskubide horien aurkako ekintzak erabat gaitzesgarriak, bidegabeak eta onartezinak dira, ez dute lekurik gure gizartean".

Herritarrendako deialdia

Azkenik, Udalak herritarrei dei egin die, "bortizkeria matxistaren aurkako jarrera eta konpromisoari" eusteko, "inoiz baino gehiago erne jarraitzeko, biolentzia jasaten ari diren emakumeek erakundeon eta komunitate osoaren babesa jaso dezaten". Horri lotuta, datozen egunetan herriko Mugimendu Feministak deitu ditzakeen mobilizazioekin bat egiteko dei egin die.

Aldundiak, "gaitzespenik irmoena"

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Udalaren adierazpenarekin bat egiteaz gain, "gaitzespenik irmoena" adierazi du erasoaren aurrean, biktimari gertutasuna eta elkartasuna adierazita. 

Askatasuna eta pertsonaren integritate fisikoa "eskubide bortxaezinak" direla berretsi du foru erakundeak. "Eskubide horien aurka egiten duten jokabideek ez dute lekurik gure gizartean. Horrelako gertakarien jatorria gizonen eta emakumeen arteko berdintasun falta da, emakumeak mendean eta kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistetan, hain zuzen. Horregatik guztiagatik, beste behin ere, berdintasunaren aldarrikapenean jartzen dugu azpimarra. Emakume guztiek dute espazio publikoaz eta gizarte harremanez askatasun osoz gozatzeko eskubidea, eta, horregatik, indarkeria matxistarik gabeko kale, auzo, udalerri eta hiriak nahi ditugu", azpimarratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak