Udal aurrekontuko gerakineko partida nagusia, Gorostiza auzoko igogailuetarako

Jokin Bereziartua Lizarazu

Gorostiza auzoa. Argazkia: Arrasateko Udala. 

Urriaren 15eko ezohiko osoko bilkuran 3,5 milioi euroko kreditu aldaketa onartzea proposatuko duela adierazi du Arrasateko Udal Gobernuak ohar bidez. Azken udal aurrekontuko gerakinetik Gorostiza auzoko igogailuetarako bideratuko da partida handiena: 2,5 milioi euro. Proiektua idatzita dago, eta lehiaketa publikoa "udazken honetan" abiatuko dute. 

Udal Gobernutik gogora ekarri dutenez, kreditu aldaketa onartzeko prozedura "ezinbesteko urrats administratiboa" da hainbat proiektu aurten egikaritzeko. Udal Gobernuak honako proiektuak hauek finantzatzeko kreditu aldaketa proposatu du: 

  • Gorostiza auzoko igogailuaren lanak hasteko aurrekontua onartzea: 2.415.000 euro. Honako hau da, gobernuaren arabera, proiektuaren egoera: "Mugikortasun planari jarraiki, Gorostiza auzoko igogailuen proiektua idazteko proiektua abiarazi zuen Udalak 2025ean. Proiektua idatzita dago, eta gauzatzen hasteko partida da txertatuko dena, ia 2,5 milioi euroko partida. Modu honetan obren lehiaketa publikoa abiatuko da udazken honetan". 

  • Santa Marina auzoko liburutegia handitzea eta ludoteka berritzea: 550.000 euro. Proiektua ere idatzita dagoela diote: "Obrak egiteko lehiaketa publikoa abiarazteko diruz hornituko da partida. Helburua da Santa Marinako Biblioteka eta Ludoteka eraberritzea, auzoko zerbitzuak hobetzeko". 

  • Kulturateko klimatizazio makina berritzea: 90.000 euro gehitzea. "Arrasateko Udalak Kulturateko klimatizazio sistemaren ordezkatze integrala burutuko du, epe luzerako zerbitzu duina bermatzeko. Kreditu gehigarri honekin, 20 urte dituen makina erabat berritzea lehenetsi da. Dena ondo bidean, urrian lehiaketa publikoaren prozesu administratiboa igaro ondoren, lanak urtarrilaren amaieran hastea aurreikusten da". 
  • Txiki-Txokoa handitzea: 35.000 euro gehiago (guztira, 181.000 euroko inbertsioa). Honako azalpena eman du Udal Gobernuak: "Proiektu hau gauzatzeko lanak bi aldiz atera dira lehiaketa publikora azken urte eta erdian, eta bi deialdietan hutsik geratu da. Oraingoan obrak egikaritzeko diru partida handiagoa bideratuko da, eta behin kreditu berri hau onartuta, Udalak hirugarrenez aterako du lehiaketa publikora lanak exekutatzeko lizitazio prozesua". 
  • Kirol Saileko inbertsioak: 220.000 euro gehiago. Hainbat "konponketa lan" aurreikusten dituzte; tartean, padel eta tenis sabaiak konpontzea –itoginak daude– eta kiroldegiaren sabaiko itoginak konpontzea. 

Horrez gain, kultura eta jaietako ekintzetarako 42.500 euro gehiago egongo dira eta Musakolako Herri Eskolarako 20.000 euro gehiago bideratuko dira; Udal Gobernuak ez ditu azken bi partida horiek zehazki nora bideratuko diren azaldu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak