Arrasateko Udaleko Ogasun Batzordeak behin-behinekoz onartu du 2027ko Ordenantza Fiskalen proposamena: "Neurri fiskal berri hauen helburu nagusia da herritarren beharrei erantzuna bermatzea, bereziki etxebizitza eskuratzeko aukerei atea zabalduz eta zerga sistema bidezkoago bat finkatuz", adierazi dute gaurko agerraldian.
Etxe hutsen errekargua, %50etik %100era
Ogasun zinegotzio Joseba Ezpeletak eman du aditzera proposamena: "Etxe hutsei jarriko zaien errekargu gehigarriaren helburua ez da dirua biltzea, etxebizitza hutsak alokairuaren merkatura ateratzea baizik. Gaur egun bizi dugun bizitoki-larrialdiari aurre egiteko, Udalak urrats sendoa egingo du: hutsik dauden etxebizitzen gaineko errekargua % 50etik % 100era igoko da. Modu honetan, ohiko bizitokia ez den etxebizitza hutsik mantentzea erabakitzen duten jabeek, Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga bikoitza ordaindu beharko du".
Ezpeletak gaineratu du "tresna publiko guztiak" erabili behar direla etxebizitza-eskaintza handitzeko: "Konponbidea ez da soilik etxe gehiago eraikitzea, merkatuan interbenitzea eta hutsik dauden etxeak merkaturatzea baizik. Etxebizitzak ezin dira inbertsio edo espekulazio ekonomiko gisa ulertu; pertsona orok bizi-proiektu bat garatzeko duen ezinbesteko eskubidea dira".
Etxebiden, 1.190 etxebizitza eskaera aktibo
Bizitegi-merkatuko tentsio eremuen izendapenerako sortutako diagnostikoan, honako datu hauek jaso ditu Udal Gobernuak:
- Erroldarik gabeko etxebizitzak Arrasaten: Udalaren errolda-datuetan oinarritutako irizpidearen arabera, Arrasaten 1.045 etxebizitzatan ez dago inor erroldatuta, hau da, parke osoaren %9,7. Nolanahi ere, txostenak azpimarratzen du horietako askok noizbehinkako erabilera edo erabilera erdi-egonkorra dutela.
- Alokairu eskatzaileak Etxebiden: 2024ko urriaren 1ean Arrasaten 1.190 etxebizitza eskaera zeuden aktibo.
Ezpeletak esan du, estimazioen arabera, hutsik dauden etxebizitza kopurua merkatura aterako balitz, eskatzaile gehiengo handi bati aterabidea emanik: "Dena den, txostenean aipatzen den bezala, erroldatutako etxebizitza bat ez du zertan hutsik egon, izan daiteke alokairuzko etxebizitza bat, adibidez. Horregatik, jabego hauek aukera izango dute errekarguaren salbuespena eskatzeko udaletxean. Horretarako, 12 kasu jasotzen ditu Ordenantza Fiskalak, eta guztiak behar bezala justifikatuta egon beharko dira onartuak izateko".
Udal Gobernutik gogorarazi dute Eusko Jaurlaritzako Bizigune programak etxebizitza hutsak alokairu-merkatuan sartzea sustatzen duela, jabeentzat berme eta segurtasun handiagoa eskainiz: "Programaren bidez, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza kudeatzen du eta jabeari errenta bermatua eta etxebizitzaren mantentzearekin lotutako zenbait berme eskaintzen dizkio; aldi berean, alokairu eskuragarriagoa ahalbidetzen du eta etxebizitza behar duten pertsonei etxebizitza bat eskuratzeko aukera ematen die Alokabideren bitartez".
Gutxieneko tasa turistikoa orokorrean; gehienezkoa etxe turistikoei
Gipuzkoako Diputazioaren araudi berriak behartuta, Udalak egonaldi turistikoen gaineko zerga berria ezarriko du. "Arrasatek ez du turismo-masifikazio arazorik, eta horregatik, ostatu gehienei (hotelak, pentsioak, nekazaritza-turismoak edo aterpetxeak) ezar daitekeen tasa txikiena edo minimoa aplikatuko zaie. Halere, neurri honek salbuespen nagusi bat du: etxebizitza turistikoak", adierazi du Ezpeletak.
Honako ere adierazi dute Udal Gobernutik: "Etxebizitza turistikoei –osorik zein logelaka alokatutakoei– nahiz apartamentu turistikoei gehienezko karga tasa ezarriko zaie. Erabaki honen bidez berriro azpimarratzen da etxebizitzak pertsonen bizi-proiekturako eskubidea izan behar duela, eta ez negozio espekulaziorako bidea".
Hona hemen establezimendu mota bakoitzari aplikatuko zaion tasa:
Establezimendu mota
5 izarreko hotelak edo kategoria baliokideak: 4,50 euro
4 izarreko hotelak edo kategoria baliokideak 3,50 euro
3 izarreko hotelak edo kategoria baliokideak: 1,50 euro
2 izarreko hotelak edo kategoria baliokideak: 1,00 euro
1 izarreko hotelak edo kategoria baliokideak: 0,75 euro
Pentsioak: 0,75 euro
Apartamentu turistikoak: 3,50 euro
Nekazaritza-turismoak 0,75 euro
Turismoko beste ostatu-establezimendu batzuk 0,50 euro
Etxebizitza turistiko osoa alokatzea 6,50 euro
Etxebizitza turistikoa logelaka alokatzea 6,50 euro
Igoera pentsioei aplikatuta eta progresibitatearen jarraitzeko asmoa
Datorren ekitalditik aurrera, Udalak berrikuntza garrantzitsu bat txertatuko du tasa eta zergen eguneraketan. Orain arte, Udalak aurreikuspen edo estimazio bidez zehazten zuen aldaketa. Aurrerantzean, ordea, pentsioei aplikatzen zaien igoera bera (KPIaren/inflazioaren araberakoa) ezarriko zaie zerga eta tasei ere.
2026 urte honetan ezarri ziren lehen aldiz progresibitatea zerga eta tributuetan, eta" balorazio positiboa egin du gobernuak. Gaur gaurkoz burutu diren eskaeren datu ofizialik ez badaude ere (2026ko ekitaldia indarrean baitago), justizia soziala aplikatu dela defendatu du gobernuak. Progresibitatea ezinbestekoa da gaur egungo ezberdintasun sozioekonomikoak gutxitzeko. Izan ere, esfortzua ezberdina baita errenta txikia edo handia duten pertsonentzat. Progresibitate honekin elkartasun eta justizia sozialaren irizpideak txertatzen ditugu fiskalizazioan, gehien behar dutenak babestuz".