Arrasateko EAJ-PNVk 2027ko ordenantza fiskalei begira bere proposamenak aurkeztu ditu, Arrasateko familien errealitatera egokitutako politika fiskal “bidezkoago, orekatuago eta arduratsuagoa” bultzatzeko helburuarekin.
Talde jeltzaleak proposatzen du zerga eta tasa guztietan igoera orokorrak aplikatzeari uztea eta figura fiskal bakoitza banaka aztertzea, herritarren egoera ekonomikoa zein Udalaren gaitasuna kontuan hartuta.
“Arrasatearren familia askok hilero ahalegin handiagoa egin behar dute hilabete amaierara iristeko. Bitartean, EH Bilduk urtez urte zerga eta tasen igoera orokorrak planteatzen jarraitzen du. Ez da bidezkoa herritarrei ahalegin handiagoa eskatzea Udalak 16 milioi eurotik gorako gerakina pilatuta duenean eta, gainera, azken hiru urteetan baliabide horiek ez direnean Arrasatek behar dituen hobekuntza eta inbertsioetan islatu”, adierazi du Ander Garay EAJ-PNV Arrasateko bozeramaileak.
EAJ-PNVren proposamen nagusien artean daude zergak eta tasak ordaintzeko hileroko tarifa lau bat sortzea, igoera orokorrik ez aplikatzea, uraren tasaren igoera Udalak benetan jasaten duen kostuaren araberakoa izatea eta turismo tasa berri bat martxan jartzea irizpide desberdinekin.
Ez igoera orokorrei: zerga eta tasa bakoitza banaka aztertu behar da
Arrasateko EAJ-PNVk uste du zerga eta tasa bakoitzak bere errealitatea duela eta ezin dela urtero igoera automatikoa aplikatu.
“Zerbitzu bakoitzak bere egoera du eta arduraz aztertu behar da. Politika fiskala ezin da soilik gehiago biltzera mugatu; baliabide publikoak hobeto kudeatu eta herritarren ahaleginari erantzun behar dio”, azaldu du Garayk.
Ildo horretan, talde jeltzaleak eskatu du, gutxienez, OHZa, kiroldegiko tasa eta ibilgailuen gaineko zerga ez igotzea. Izan ere, azken lau urteetan kontzeptu horiek %6,08, %9,26 eta %6,17 igo direla gogorarazi du.
Hileroko tarifa laua, familiei ordainketa errazteko
EAJ-PNV Arrasatek herritarrei urte osoan zehar zergak eta tasak hileko kuota finko baten bidez ordaintzeko aukera eskaintzea proposatu du.
Neurri horren bidez, urtean zehar ordainketa handiak banatu ahal izango lirateke, eta errazagoa izango litzateke IBIa, ibilgailuen zerga, ura edo hondakinen tasa bezalako ordainketei aurre egitea.
“Badakigu ordainagiri batzuek ahalegin handia eskatzen dietela familia batzuei. Hileroko ordainketa sistema batek ekonomia hobeto antolatzea eta lasaitasun handiagoz planifikatzea ahalbidetuko luke”, azaldu du Ander Garayk.
Proposatutako sistemak urte amaieran likidazioa egitea jasoko luke: urtean zehar ordaindutakoa dagokiona baino txikiagoa bada, aldea ordaintzeko azken ordainagiri bat bidaliko litzateke; gehiago ordaindu bada, Udalak dagokion zenbatekoa itzuliko luke.
Uraren tasa: benetako kostuaren araberako igoera eta turismo tasa berria
Uraren tasari dagokionez, EAJ-PNVk proposatzen du Udalak Kontsortziotik jasaten duen benetako igoera soilik aplikatzea, hau da, %1a, eta ez KPIaren araberako eguneratzerik.
“Udalaren kostua %1 igotzen bada, hori da aplikatu beharreko igoera. Herritarrek ez dute beharrezkoa dena baino gehiago ordaindu behar”, adierazi du Garayk.
Era berean, talde jeltzaleak turismo tasa berri bat martxan jartzea proposatzen du Arrasaten, tarifa minimo orokor batekin eta etxebizitza turistikoen kasuan tarifa maximoarekin. Helburua da jarduera horrek udal zerbitzuen mantentzean ere ekarpena egitea.
EAJ-PNV Arrasatek defendatzen du Udalak egungo testuinguru ekonomikoa eta bizi-kostuaren igoerak familiengan duen eragina kontuan hartu behar dituela.
“Arrasatek kudeaketa zorrotza eta eraginkorra behar du. Herritarrei gehiago eskatu aurretik, dagoeneko ditugun baliabideak hobeto erabili behar dira”, amaitu du Ander Garayk.