Arrasateko Udalak Jare Urrutia judoka omendu du Rigan irabazitako urreagatik

Eki Letona Erretolatza

Arrasateko Udalak harrera egin dio gaur Jare Urrutia Uriarte judoka, abuztuan Rigan, Letonian, lortutako urrezko dominagatik. Udaletxean egin dioten ekitaldian, Urrutiarekin batera familia, lagunak eta Desoreka Judo Taldeko taldekideak izan dira.

Maider Morras Arrasateko alkateak hartu du hitza ekitaldian, eta Urrutia zoriondu du azken lorpenagatik. Era berean, haren lana eta ahalegina aitortu ditu.

Abuztu amaieran lortu zuen Urrutiak nazioarteko txapelketako urrezko domina. Letoniako hiriburu Rigan jokatu zen EJU European Judo Unionek antolatutako Ne-Waza nazioarteko txapelketa, eta Arrasateko judolariak jokatutako borrokaldi guztiak irabazi zituen. Hala, urrea ekarri zuen etxera.

Urrutiak eskerrak eman dizkio Udalari egindako harreragatik: "Oso pozik nago egin didaten harreragatik. Izandako lorpena txapelketan gogoratzea eta merezimendua ematea asko eskertzen dut. Eta eskerrik asko Arrasateko Udalari", adierazi du.

Horrez gain, klubaren eta entrenatzailearen lana ere nabarmendu nahi izan du: "Azkenik, eskerrik asko nire klubari, Desoreka Judo Taldeari, eta nire entrenatzaile den Markel Urrutiari".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak