Asteburuko egonaldiak –eta itzulerako bidaiak– utzitako ajeaz oraindik, baina egindako lan onaz pozik, Jare Urrutiaren (Arrasate, 2010) aita eta entrenatzaile Markel Urrutiarekin (Desoreka Judo Taldea) izan da GOIENA. "Oso esperientzia ederra izan da, eta Jarek oso txapelketa ona egin du. Europako Judo Batasunak Ne-Waza txapelketa antolatu behar zuela jakin genuenean animatzea erabaki genuen, izan ere, bagenekien Jare lurreko borrokan oso ondo moldatzen dela. Desorekan oso Ne-Waza zaleak gara –lurrean borrokatzea–, taldean Jiu-Jitsu ere egiten dugu eta Jarek trebetasun handia du. Aurrera egitea erabaki genuen eta txapelketara joateko baimenak eskatzen hasi ginen. Azken batean familia mailan egiten den apustu bat da, halakoetarako ez delako laguntzarik egoten, baina bistan da merezi izan duela".

Arrasateko borrokalaria estatu mailan lehiatutakoa zen, emaitza onak batuta, eta Frantziako Tolosan egin zuen nazioarteko txapelketetara salto, uda hasieran. "Bost Kontinentetako txapelketa jokatu genuen ekainean eta Jare brontzezko dominarekin itzuli zen etxera. Hor ikusi genuen nazioarteko torneoetara salto egiteko moduan zegoela".
Hiru borrokaldiak irabazita
Asteburuan, berriz, Jarek jokatutako hiru borrokaldiak irabazita lortu du urrea irabaztea –57 kilo azpikotan–. "Lehenengo borrokaldia izan zen zailena, Lituaniako Monika Gaigalanteren kontra. Megija Pavare izan zuen final-erdietan eta finalean Estoniako Miia Sabalson izan zuen aurrean. Jarek puntuka ez, sumisio bidez nahi zuen txapelketa irabazi eta halaxe egin zuen".
Entrenatzailea eta aldi berean aita izateak dituen abantailen eta desabantailen artean ere egin du berba Markel Urrutiak. "Oraindik ere ikasketa prozesu batean gabiltza alaba eta biok. Etxeko kontuak alde batera uztea, konfiantza, frustrazioaren kudeaketa... Arlo asko daude eta biok ari gara asko ikasten. Baina niretako saria ez da urrezko domina izan, niretako benetako saria izan da hau alabarekin bizi ahal izatea. Betirako geratzen diren oroitzapenak dira".