Minbiziaren Aurka Gipuzkoa elkarteak Debagoieneko pazienteak eta senideak doan artatzeko helburuarekin zabaldu du egoitza Arrasaten. Han, arreta sozial eta psikologikoa, material ortopedikoaren mailegua eta erretzeari uzteko terapia, ematen dituzte, besteak beste.
Era berean, herritarren beharrei erantzuteko asmoz, elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu hurrengo seihilekorako. Irailaren 30ean, esaterako, Nola artatzen da minbizia? hitzaldia egingo dute, 11:00etan. Horrekin batera, urriaren 6an, 10:00etan, ibilaldi osasungarriei buruzko saioa egingo dute.
Azkenik, azaroaren 3an, Gaixotasuna eta gero lanera itzultzeko prestaketa tailerra egingo dute, 11:00etan –lau saio–.
Beste hainbat saio, online
Aurrez aurreko saioez gain, online ere egingo dituzte hainbat. Lehena bihar, eguaztena, abiatuko du erretzeari uzteko taldeak, 11:00etan. Era berean, nikotina kontsumitzeko modu berriei buruzko hiru saio egingo dituzte hezitzaile eta irakasleentzat; irailaren 30ean, 17:00etan; urriaren 20an, 11:00etan; eta azaroaren 25ean, 17:00etan. Gurasoek ere jasoko dute azken tailer hori, urriaren 1ean, 17:00etan; eta azaroaren 26an, 11:00etan.
Izena eman behar da
Saioetan parte hartzeko, izena eman beharko da, 943 45 77 22 telefonora deituta, gipuzkoa@contraelcancer.es helbidera mezu bat bidalita edo elkartearen webgunean sartuta.