Aurrera Bolie Egunaren helburuez galdeginda, honako hau gaineratu du Etxabek: "Komunitate oso bat elkartzeko baliatzen dugu eguna. Urtero pil-pilean dauden gaien inguruan hitz egiten hasi ostean, elkarrekin egon eta elkarrekin gozatzera bideratzen dugu egitaraua; betiere, kultura ere oinarri bezala hartuta".

Oldarraldiez eta alternatibez berbetan
Bestalde, Oldarraldien aurrean, Euskal Herrian badugu alternatiba izenburu izan duen saioaren bueltan luze eta zabal jardun dute Urruzunok eta Zengotitabengoak. Oldarraldien inguruan jardun du, batez ere, Urruzunok: "Faxismoa Euskal Herrian hartzen ari den formaz aritu gara, besteak beste. Faxismoa Euskal Herrian espainolismoaren eta Frantziako jakobinismoaren forma hartzen ari den heinean, horren aurrean ze estrategia eta erantzun politiko eman beharko genukeen partekatzera etorri gara".
Egoera horren aurrean, Zengotitabengoak azpimarra jarri du Euskal Herriak alternatibak badituela zehazterakoan: "Ibilbide politiko baten ondorengoak gara eta horrek beti erakutsi izan du gutasun inklusibo bat, hemen bizi eta lan egiten dugunok izatea. Hortik tiraka uste dugu badagoela alternatiba gure proiektu politikoa aurrera eramateko; eraldatzailea dena, eta desesperantzaren aurrean altxatzeko moduan gaudela. Nazio auzia erdigunean jarrita, alternatiba eraikitzea dagokigu".
Bi hizlariek nabarmendu dute, bestalde, halako saioak "beharrezkoak" direla.
