Goizeko zortzi eta erdietan zabaldu ditu ateak Buenuena jatetxeak egunero bezala. Gaur, baina, egun berezia izan da jabeentzat eta urte askoan jatetxeaz gozatzeko aukera izan duten herritarrentzat. Izan ere, gaur, uztailak 31, Buenuena jatetxearen azken eguna izan da Arregi-Lizundia familiaren ardurapean. Orain arte jatetxeaz arduratu diren Txaro, Arantxi, Angel eta Jesus Arregi anai-arrebek erretiroa hartu baitute.
Giro ederra Jokin Zaitegin
Jendetza gerturatu da gaur arratsaldean Jokin Zaitegi Plazara, eta, giro ederrean, Jatetxeari behin betiko agurra emateko kantaldia eman du Txorbela otxoteak. Otxote arrasatearrak kantuan jarri du plaza kantaldia hasi eta denbora gutxira, eta bertaratutakoek txaloz eskertu dute ikuskizuna. Amaitzean, azken mokadutxo batez gozatzeko aukera izan dute taberna ingurura bertaratutakoek.