Indartu eta sortu goiburua izan du gaur, eguaztena, Mondragon Taldeak egin duen urteko kongresuak. "Korporazioaren erronka nagusia laburbiltzen du goiburuak, hain zuzen, gaur egungo proiektu kooperatiboak indartzea eta etorkizuneko aukerak elkarrekin sortzea", azaldu dute ohar bidez.
Leire Mugerza izan da berba hartzen lehena, Kongresuaren eta Batzorde Iraunkorraren presidentea. "Orainaz hitz egin dugu, baina bereziki etorkizuna elkarrekin eraikitzeko beharrezkoak ditugun araudi aldaketak onartu ditugu", azaldu du. "Mondragon osatzen dugunok askotariko errealitateak bizi ditugu, baina denok partekatzen dugu izateko eta gauzak egiteko modu komuna. Gaur, helburu horien berri eman dugu".
Pello Rodriguez Kontseilu Orokorraren presidenteak, bestalde, 2025eko ekitaldiaren balantzea egin du. Horrez gain, politika sozioenpresarialaren lau ardatz estrategikoen garapena aurkeztu du. "Horien artean daude konpromisoa eta nortasun kooperatiboa indartzea; etorkizuna duten negozioak indartu eta sustatzea; Mondragonen eragin soziala handitzea; eta kooperatiben arteko lankidetza sendotzea, hau da, interkooperazioa". Aurkezpenean, gainera, ardatz horien barruan garatzen ari diren lehentasunezko hamabost proiektuen aurrerapen nagusiak partekatu ditu.
Hiru enpresa berri
Kongresuak interes estrategikoko ponentzia bat ere aztertu eta onartu du. Aurten, Mondrgaon Inversionesek kudeatzen duen Dibisioarteko Hedapen Funtsaren egokitzapena izan da aztergai. "Mondragon Inversionesen eginkizuna indartu dugu kooperatiben garapena babesteko, eta, aldi berean, negozio berrien sorrera bultzatzeko tresna gisa sendotu dugu. Bide horretatik, Interes Estrategiko Korporatiboko Proiektuak (IEKP) abiatu ditugu".
Dagoeneko hiru enpresa berri jarri dituzte abian: Orbik Cybersecurity, Amets Power Electronics eta Innkia, zibersegurtasunean, potentzia-elektronikan eta adimen artifizialean. Pello Rodriguezen hitzetan, "urtea amaitzerako", ekimen horren bitartez beste hiru negozio abiatzea da helburua.
Konpromiso soziala
2025ean, kooperatibek eta Mondragon fundazioak 49 milioi euro baino gehiago bideratu zituzten gizarte-ekintzara, "pobrezia eta inklusioa, hezkuntza, euskara, kultura, osasuna, kirola eta klima edo bioaniztasuna bezalako arloetan lan egiten duten mila erakunde ingururekin elkarlanean".
Udazkenean gainera, Mondragonen proiektu kolektiboaren indarra islatuko duen ataria jarriko dute martxan. Han, kooperatibek elkarrekin eta elkarlanean daukaten gaitasun eraldatzailea esplikatuko dute, adibide eta datu zehatzekin. "Urte luzetan gauzatu dugun eragin soziala azaltzeko tresna bikaina izango da", adierazi du Mugerzak.