Frantziako Tourraren hilabetea da uztaila eta, hain zuzen, hilabete hori aprobetxatu du Goienako Podcast Gelan ekoizten den Sasiordeka bideopodcastak usurbildarrarekin egoteko. Horren aitzakian, Puntua aldizkaria ere luze eta zabal aritu da harekin.
Tourraren hasieran izan zinen, Bartzelonan; zer moduz joan zen?
Ondo joan zen. Gaur egun, Etxeondo arropa markarentzat egiten dut lan, eta hori izan zen joateko arrazoietako bat. Bezero batzuekin aktibazio plan batzuk dauzkagu, eta, bestalde, bertan lehiatzen ari den Cofidis taldea janzten dugu, eta bisita egiteko aprobetxatu genuen. Nola ez, Tourraren hasiera ikusteko ere aprobetxatu genuen. Bederatzi urte pasatu dira bertan lehiatzeari utzi nionetik, eta Tourrak hazten jarraitzen du.
Tourra hazten dabilela diozu, baina duela hiru urte Euskal Herrian hasi zenean ez ote zuen oihartzun handiagoa izan?
Ez dakit, zaila da konparaketa egitea. Egia da Euskal Herrian daukagun zale guztiekin oihartzun handia izan zuela lasterketak. Asko kostatu zen hona ekartzea, eta uste dut zuku handia atera zitzaiola. Ondo pentsatutako irteera izan zen, eta etapak izan genituen Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan. Horrelako gauzek oihartzunean eragina izan zutela esango nuke.
Tourrean parte-hartze gehien dituen euskal txirrindularietako bat zara; zer da zuretzat Tourra?
Ezaugarriak ikusita, niretzat lasterketa aproposa zen. Lehen aldiz bertaratu nintzenean, lasterketa erabat ezberdina zela ikusi nuen, eta amets bat bete nuen bertan izanda. Euskaltel taldean nengoen garai hartan, eta parte hartu genuen lehen aldia izan zen. Behin horra helduta ikusten duzu nolako dimentsioa duen lasterketa horrek. Bertan egindako guztiak oihartzun handia du mundu osoan, eta txirrindulari guztiak prestaketa lanak ondo eginda heltzen gara bertara. Horrek bertan nabarmentzea oso zaila izatea dakar; ondo prestatzeko beharra dago eta gauzek ondo joan behar dute. Behin egin eta, kasik, beste hamaseigarrenak segidan joan ziren. Urteren batean kale egin nuen, lasterketaren aurretik erorketa bat izan nuelako, baina polita izan zen amets bat betetzetik horrenbeste parte-hartze izatera pasatzea.
Horra heltzeko abiapuntu baten beharra dago; nola hasi zinen txirrindularitzan?
Euskal Herriko gaztetxo askoren modu berean hasi nintzela esango nuke. Aita lagunekin ateratzen zen igandeetan, zikloturista. Uste dut horrek eragina izan zuela. Normalean, txirrindularitzan hasten den batek beste norbait izaten du inguruan har hori esnatzen dizuna. Halako batean, etxera lasterketako bizikleta bat heldu zen, eta Usurbilgo txirrindulari eskolan eman nuen izena. Lehenengo, herriko auzoetako txapelketetan hartu nuen parte. Gero, eskolarteko txapelketetan hasi, eta gainontzeko maila guztietatik pasatu nintzen. Afizionatu mailara heldu nintzenean, aurrera egiteko aukera nuela ikusi nuen; bigarren urtean, bereziki. Euskaltel orduan hasi zen taldea babesten, eta nik Euskal Herriko Txapelketa irabazi nuen. Esango nuke hura izan zela aurrera egiteko arrazoi nagusietako bat.
1998an eman zenuen profesionaletarako saltoa, Euskaltel-Euskadiren bidez; zer izan zen hori zuretzat?
Nire ostean beste hainbat gaztek izan zuten Euskaltelen bidez saltoa emateko aukera, baina momentu hartan oso zorteduna sentitu nintzen. Aurreko Espainiako Itzulian Euskaltelek laguntza txiki bat eman zuen arren, 1998an sartu zen babesle nagusi, eta hari esker sei gaztek izan genuen profesional hasteko aukera; bi gipuzkoarrek [Alberto Martinez eta Haimar Zubeldia], bi bizkaitarrek [Gorka Gerrikagoitia eta Txema del Olmo] eta bi arabarrek [Joseba Beloki eta Aitor Kintana]. Lana izan zuten Euskal Herri osoko gazteak batzen, bertako talde erreferente gisa, eta hasi ginenean esan genezake talde nahiko apala zela. Bazeuden txirrindulariak, profesional izan nahi zuten gazteak, eta taldea hazten joan zen txirrindulari haiek hazten joan ziren modu berean. Guztiok dakigu denborarekin zelako urte politak etorri ziren.
2000. urtean egin zenuen eztanda, Euskal Bizikleta lasterketa irabazita; nola gogoratzen duzu urte hura?
Lehenengoa beti da berezia. Nire hirugarren urtea zen taldean, eta ezustean ere etorri zen, nolabait. Etxeko lasterketak, Euskal Herriko Itzulia eta Euskal Bizikleta, oso garrantzitsuak ziren guretzat, baina egutegi kontuengatik lasterketa hura hobeto etortzen zitzaidan. Gogoan dut Itzulia ere ondo hasi nuela, lehen egunean bakarkako ihesaldi bat eginda. Euskal Bizikletan, ezustean etorri zen erlojupekoan lortutako garaipena. Segundo gutxi batzuk lortu nituen Igor Gonzalez de Galdeanorekiko; ez dut gogoan sei edo zortzi izan ziren. Azken egunean, Arrateko igoeran, lehen postua defendatzea lortu nuen. Lehen garaipena beti da polita, eta, gainera, etxean baldin bada, are politagoa.
2001ean gonbidatu zuten lehenengoz Euskaltel Tourrera. Aipatu duzu zuretzat amets bat izan zela, baina zer izan zen euskal txirrindularitzarentzat?
Pauso handia izan zela esango nuke; bereziki, hurrengo urteetan etorri zenarendako. Gonbidatu bezala lortu genuen txartela, baina horretarako arrazoiak izan behar ziren. Aurreko urtean oso ondo ibili ginen talde bezala, eta uste dut orduan ere gonbidapena lortzetik gertu izan ginela. Taldeak lasterketa onak egin zituen Frantziako Tourrak antolatzen dituen lasterketetan, eta batzuetan irabazi ere bai. Nik uste dut justiziazkoa zela, eta, azkenean, lortu zen txartela. Herriko talde bat munduko lasterketa onenean ikusteak guztiok horren parte sentitzea ekarri zuen. Gainera, euskal zaleek beti izan dute bertara joateko ohitura, baina, taldearen parte-hartzearekin, Pirinioetara gerturatzeak beste dimentsio bat hartu zuen.
2003an eta 2007an bosgarren postuan gelditu zinen; zer sentitzen da horrelako postu baten amaituta?
Bosgarren postua lehenengo aldiz eskuratu nuen lasterketa hura dut, batez ere, gogoan. Gertu ikusten duzu, eta egun Tourra ikusten dudanean oroitzapenak etortzen zaizkit, norbere kirol bizitzan horrelako argazki batzuk izaten direlako, eta nire kasuan hori da. Gogoan dut Pirinioetan, batez ere Tourmaleten, nola Iban Mayo eta ni aurre-aurrean pasatu ginen. Gogoan dut baita zenbat jende zegoen; tartean, ezagun asko. Ordurako, Pirinioetako etapan hasiak ziren kamiseta laranjak banatzen. Momentu oso politak izan ziren, eta urte haietan sortu zen atmosfera berezi hartako oroitzapen ederrak ditut. Esango nuke zale guztiek dutela oroitzapen polit hori.
2009an, Astana taldera igaro zinen; zergatik?
Ordurako, hamaika urte neramatzan Euskaltelen. Kirolari profesional batentzat, eta bereziki txirrindularitzan, hamar urte ingurura iristea ibilbide nahiko polita da, baina, urte batzuk lehenagotik, motibazio harekin jarraitzeko beste zerbait behar nuela ikusten nuen. Finean, beste txirrindularitza mota bat ezagutzeko gogoa nuen. Etxekoa ondo ezagutzen nuen, urte asko neramatzan Euskaltelen, eta taldekide askorekin izan nintzen. Une hartan, Astana taldera joateko aukera suertatu zitzaidan. Luzarora ere, ondo hartutako erabakia izan zelakoan nago. Beste bederatzi urte egin nituen, eta pauso hark lagundu zidan horren ibilbide luzea izaten.
RadioShack taldean ere izan zinen; profesional bezala aberasgarria da hainbat talderekin lan egitea?
Dudarik gabe. Azkenean, beste txirrindularitza bat ezagutu dezakezu horrela. Urte haietan, gainera, globalizazio handia gertatzen zebilen. Astanara salto egin nuenean, uste dut hamazazpi nazionalitatetako txirrindulariak zeudela. Hori oso zabala eta aberasgarria da. Gainera, esan genezake talde handiagoa zela, eta beste rol bat hartu nuen. Euskaltelen lider ere ibili nintzen lasterketa batzuetan, eta Astanara morrontza lanak egitera joan nintzen. Izaten nituen aukerak denboraldian zehar, baina, batez ere, beste batzuentzat lan egitera joan nintzen. Esan bezala, txirrindularitza ulertzeko beste modu bat zen hura.
2017an amaitu zenuen kirol-ibilbidea, Donostia Klasikoan; zaila izaten da horrelako erabaki bat hartzea?
Bai, zaila da erabakia hartzea, baina horretan ere pribilegiatua sentitzen naiz; lesioek asko errespetatu ninduten eta hogei urteko ibilbide luzea izatea lortu nuen. Nik neuk erabaki ahal izatea noiz eta non izango zen amaiera zorteduna izatea da. Zortekoa izan nintzen, batez ere, amaiera etxean izatea erabaki nuelako, Tourraren ostean. Gainera, gurasoekin joaten nintzenean lasterketa hura ikustera, garai hartan kriterium bat ere egiten zen gauean, eta gaztea nintzela txirrindulariei begira izaten nintzen bertan. Urteak pasatu eta norberaren kirol bizitza bertan amaitzea gauza polita da. Oso maitatua sentitu nintzen, herriko jende asko egon zelako bertan. Niretzat jai bat izan zen, oso polita.
Txirrindularitza profesionala utzi zenuen arren, kirol horri estuki lotuta jarraitzen duzu; zein presentzia du zure bizitzan?
Handia. Nire bizitza osoan egin dut lan txirrindularitzaren bueltan. Gazte-gaztetatik nago mundu honetan sartuta, eta nire kirol bizitza amaitu zenean argi nuen bi gurpilen bueltan segitu nahi nuela, ahal baldin banuen. Ordurako, gauza asko lotuta nituen; tartean, proiektu txiki batzuk. Batez ere, denbora izan nahi nuen, niretzat zein etxekoentzat. Gainera, segituan, Etxeondorekin hasi nintzen lanean, eta, beste modu batera bada ere, bizikletaren gainean jarraitzen dut, txirrindularitzaren beste aurpegi batez gozatzen, baina askoz lasaiago. Profesionala zarenean estres une batzuk izaten dira, eta derrigortasun batetik egin behar izatea ezberdina da. Orain, gustuko dudalako egiten dut, beste intentsitate batean, baina horretan jarraitzen dugu.
Ane alabak zure pausoak jarraitu ditu; pozgarria da etxean erreleboa izatea?
Bai; niri halako irribarretxo bat ateratzen zait. Gure etxean kirolak presentzia handia du, gauza asko eman dit, eta beste alaba batek, esaterako, eskubaloian jokatzen du. Anek txirrindularitza hautatu zuen, niri gehien gustatzen zaidan kirola, eta argi dagoena da ahal dudan guztian lagunduko diodala, aita guztiek egiten duten moduan. Profesional izan nahi baldin badu, etxean badugu esperientzia horretan, eta aholku ahalik eta onenak ematen ahalegintzen naiz.
Haimar Zubeldiaren...
Pozak
Adinean aurrera goaz, eta poza ematen du txirrindulari izan nahi duten gazteak egoteak. Egunero ari dira lanean, eta haiei laguntzeak poztasun handia ematen dit.
Eta penak
Errepidean gabiltzanok badakigu ze arrisku ditugun. Gure kiroldegia errepidea da, eta, tamalez, istripuak izaten dira askotan. Istripu baten eraginez gaizki pasatzen ari den lagun bat dut, Julen Zubero, eta kontu horiek ematen didate pena.