IMME elkarteak ohar bidez eman du bere ikuspegia Musakolako igerilekuetako txiringitoaren bueltan. "Azken egunotan argitaratutako artikulu batean IMME Elkarteari egotzi zaio Musakolako igerilekuetako txiringitoa irekitzeko izandako atzerapenaren ardura. Bertan adierazten da gure erakundeak ez zuela epe barruan aurkeztu esleipen-prozesuan eskatutako dokumentazioa. Adierazpen horien aurrean, beharrezkotzat jotzen dugu herritarrei gertatutakoaren azalpen osoa ematea".
Gogora ekarri dutenez, IMME Elkartea irabazi-asmorik gabeko gizarte-elkartea da, eta urteak daramatza zaurgarritasun- egoeran dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzen: "Garatzen dugun proiektu bakoitzak jarduera ekonomikotik harago doan helburua du: lan-merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituzten pertsonei inklusiorako, prestakuntzarako eta enplegurako aukerak sortzea alegia. Horregatik, erabaki genuen Musakolako txiringitoaren kudeaketarako aurkeztea. Gure helburua zerbitzu hau gizarteratzeko eta laneratzeko aukera bihurtzea zen, bai proiektuan parte hartzen duten pertsonentzat, bai igerilekuetako erabiltzaile guztientzat onuragarria izango zena".
Diotenez, baina, lizitazio prozesua "atzerapen nabarmenarekin" hasi zen: "Lizitazioa udako denboraldia oso gertu zegoenean argitaratu zen, eta hasierako dokumentazioa argitaratu zenetik kontratua ebatzi eta ondoren dokumentazioa eskatu zen arte igarotako denboraren ondorioz, txiringitoa ezin izango litzateke behin uztailean sartu arte ireki. Egoera horrek prozesu osoa baldintzatu zuen, eta jarduera beharrezko bermeekin antolatzeko denbora nabarmen murriztu zuen".
Bestalde, "positibotzat" jotzen dute Udalak berak hobekuntzarako tartea dagoela aitortu izana eta etorkizuneko deialdietarako baldintzak berrikusiko dituela iragarri izana: "Espero dugu berrikuspen horrek lizitazioak lehenago planifikatzea ere jasotzea, erakundeek proiektuak behar bezala prestatzeko aukera izan dezaten eta zerbitzuak denboraldiaren hasieratik martxan jarri ahal izan daitezen".
Amaieran, honako hau ere adierazi nahi izan dute: "IMME Elkarteak orain arte erakutsi duen konpromiso berarekin jarraituko du lanean: inklusioa sustatzen, zaurgarritasun handiena duten pertsonentzat aukerak sortzen eta erakunde publikoekin lankidetzan aritzen, hori guztia komunitate osoaren mesederako denean".