Arrasateko Udala lanean ari da kiroldegiko txiringitoa "ahalik eta azkarren" irekitzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko uztailaren 15a

Musakolako kiroldegiko txosna. Argazkia: Arrasateko Udala.

Deialdi publikora bi eragile aurkeztu dira: IMME elkartea eta Amerika Elkartea, eta baldintzak bete ez dituztenez, Udalak ezin izan dio momentuz inori esleitu Musakolako kiroldegiko txiringitoaren edo txosnaren kudeaketa. Udala "hainbat elkarterekin" jarri da harremanetan txosna "ahalik eta azkarren" irekitzeko. 

Txiringitoa kudeatzeko lizitazio publikora bi eragile aurkeztu dira: IMME elkartea eta Amerika Elkartea: "Lizitazio-prozesuan eskatutako dokumentazioa ez delako epe barruan aurkeztu, nahiz eta hainbat aldiz dokumentazioa aurkeztuko zela adierazi, momentuz ezin izan da txiringitoaren kudeaketa esleitu. Esleipena egiteko proposatutako erakundeari kontratuan aurreikusitako dokumentazioa aurkezteko eskatu zitzaion. Hala ere, ez du eskatutako dokumentazioa aurkeztu, eta, ondorioz, une honetan Udalak ezin dio kontratua esleitu.", adierazi dute Udaletik, ohar bidez.

Honako hau ere gaineratu dute: "Erakundeak ez dio esleipen-prozesuari uko egin, nahiz eta dokumentazioa ez duela aurkeztuko jakina izan. Horren ondorioz, Udalak administrazio-prozeduran ezarritako epeak eta izapideak errespetatu behar ditu, eta horiek amaitu arte ezin du hurrengo aukera aztertu. Egoera horren aurrean, Udalaren lehentasuna ez da arazoa azaltzea bakarrik, baizik eta irtenbidea lehenbailehen bilatzea". 

Irtenbide baten bila ari da Udala

Udala harremanetan jarri da hainbat elkarterekin, indarrean dagoen araudiak ahalbidetzen dituen aukerak aztertzeko eta txiringitoa "ahalik eta azkarren" ireki ahal izateko: "Helburua argia da: uda honetan herritarrek berriro txiringitoaren zerbitzua erabiltzea".

Prozesua erraztu nahi dute 

Udalaren arabera, azken prozesuak erakutsi du hobekuntzarako tartea badagoela: "Horregatik, datorren urterako Udalak txiringitoaren kudeaketa arautzen duten baldintzak berrikusiko ditu, parte-hartzea errazteko, interesa handitzeko eta etorkizunean antzeko egoerak saihesteko. Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei erakutsitako ulermenagatik, eta lanean jarraituko du txiringitoa ahalik eta azkarren ireki eta kiroldegiko erabiltzaileek merezi duten zerbitzua bermatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak