Zaldibarreko 24 orduko txapelketaren balorazio "positiboa" egin du Mondratek

Eki Letona Erretolatza 2026ko uztailaren 17a

Txapeldunak –99, beltzez– eta txapeldunordeak –Zubipe, arrosaz–, final ostean.

Hamairu taldek eta 140 jokalarik parte hartu zuten zapatuko txapelketan. Finalean, 99 taldeak 3-1 irabazi zion Zubiperi

Areto futbolak giro aparta sortu zuen aurreko zapatuan, hilaren 11n, Zaldibarren jokatu zen 24 orduko areto futbol txapelketan. Mondratek antolatutako hitzorduan hamahiru taldek eta 140 jokalari inguruk parte hartu zuten, eta, egun osoko lehia izan eta gero, 99 taldea nagusitu zen. Egun osoan bero handia egin bazuen ere, gauean giro bikaina izan zen Zaldibarren. Harmailak bete egin ziren final-laurdenak, finalerdiak eta finala ikusteko.

Antolakuntzak balorazio oso positiboa egin du; hauxe dio Iker Uribesalgo Uri Mondrateko kideak: "Guretzat egun oso luzea da; goizeko zazpietan joaten gara dena prest uztera, eta hurrengo eguneko goizaldeko bostak arte ez gara etxera iristen, dena jaso eta garbitu ostean. Egun gogorra izaten da, baina jendearen erantzuna oso ona da, eta, beraz, merezi du". Hala ere, aurpegi txarra ere utzi zuen txapelketak: lehen orduetan, Zubipe taldeko Ander Etxabe jokalariak lesio larria izan zuen. "Animo, gure partetik, Ander Etxaberi!", adierazi du antolakuntzako kideak.

99 taldearen garaipena

Finalean, 99 taldeak 3-1 irabazi zion Zubiperi. "Hasieran ez genuen pentsatzen irabaziko genuenik; gainera, gure lehen partiduan aurkari batek izandako lesio larriak kolpe handia eman zigun. Animo Etxaberi, gure taldearen partetik!", adierazi du Urtzi Caballero Puyi-k, 99 taldeko kapitainak. Hala ere, txapelketak aurrera egin ahala taldeak gora egin zuela azaldu zuen. "Bagenekien talde ona genuela, eta helburua ahalik eta urrunen iristea zen; irabaztea lortuz gero, are hobeto". Txapelketa "borobila" izan zen 99 taldearentzat. Izan ere, taldeko bi jokalarik sari indibidualak ere eskuratu zituzten: Aimar Zabala atezain onena izendatu zuten eta Adiran Fernandez Adri izan zen txapelketako pitxitxia.

Bittor Urteaga, jokalari onena

Jokalari onenaren saria, berriz, Zubipe taldeko Bittor Urteagak jaso zuen. Ez zuen saria espero, haren esanetan, "jokalari oso onak" izan baitziren txapelketan: "Txapelketa txarto hasi zen guretzat, baina gozatu egin genuen". Urteagak aitortu du Ander Etxaberen lesioak eragin handia izan zuela taldearen animoetan: "Gure jokoan ere nabaritu zen, baina aurrera egitea lortu genuen eta partidak pasa ahala hobera egin genuen. Talde-lanak eraman gintuen finalera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak