Goizean goiz hasi ziren partiduak, eta egun osoan zehar jokatu zen multzoen fasea. Parte-hartzaileak bi multzotan banatu zituzten, eta lehen fasean guztira 36 partida jokatu ziren. Multzo bakoitzeko lau talde onenek lortu zuten kanporaketetarako txartela.
Eguneko beroari aurre egin ostean, gauean giro aparta egon zen Zaldibarko kiroldegian. Harmailak jendez bete ziren final-laurdenak, finalerdiak eta finala bertatik bertara ikusteko. Mondratek txosna bat ere jarri zuen Zaldibarren. Bertan, era guztietako freskagarriak eta edariak saldu zituzten, zaleei eta parte-hartzaileei egun osoko beroari aurre egiten laguntzeko.
99 taldea txapeldun
Finalean, 99 taldeak 3-1 menderatu zuen Zubipe, eta horrela eskuratu zuen aurtengo txapela. Finalerdietan, berriz, 99 taldeak Papadelta kanporatu zuen, eta Zubipek Aixkora. Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko neurketan, Papadeltak eta Aixkorak berdindu ostean, penaltiek erabaki zuten partida, eta Papadeltak eskuratu zuen hirugarren postua.
Aimar, 'Adri' eta Bittor sarituak
Txapelketa amaituta, sari banaketa egin zuten. Atezain onenaren saria Aimar Zabalak jaso zuen, 99 taldeko atezainak; goleatzailearen saria, berriz, Adiran Fernandez 'Adri'k, 99 taldeko jokalariak; eta jokalari onenaren saria Bittor Urteagak eskuratu zuen, Zubipe taldeko jokalariak.