Jon Apraiz: "Jendea oso pozik dago blues jaialdiarekin; gainera, gazteak ikusten dira kontzertuetan"

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko uztailaren 11

Bluehat taldea eguerdian Portaloian kontzertua ematen.

Ibai Arte merkatarien elkarteak zortzigarren urtez antolatu du Arrasate Blues jaialdia eta herriko hamaika gunetan askotariko kontzertuak daude egunotan. Eguerdian, esaterako, Bluehat taldea izan da Portaloian, eta jaialdiko zuzendari Jon Apraiz "oso gustura" dago orain artekoak izan duen erantzunarekin.

Musika beltzaren eta horren bueltako doinuen erakuslehio da egunotan Arrasate, Ibai Arte elkarteak antolatu duen Arrasate Blues jaialdiarekin. Aurtengoan ere "izen handiko musikariak" ekarri dituzte, eta zortzigarren aldia izanda, geroz eta proiektu handiagoak erakartzeko aukera ere ematen die horrek, Jon Apraiz jaialdiko zuzendariaren esanetan. Gainera, eguerdian Portaloian izan den Bluehat kontzertuan adierazi du "poliki-poliki jaialdia handitzen" doazela.

Apraiz "oso gustura" dago orain artekoarekin. "Jendea oso pozik dago blues jaialdiarekin; gainera, jende gaztea ikusten da kontzertuetan", esan du. Eguerdian, gerizpean disfrutatu dute gehienek musikarekin, baina dantzara animatu direnak ere izan dira. Eta nola ez, urtero moduan, beste herri batzuetatik etortzen diren zaleak ere erakarri ditu bluesak Arrasatera.

Saio inprobisatuak

Gauerdian, esaterako, Arrasateko hiru musikariz eta Bergarako beste hiruz jaialdirako propio sortu duten Bluexei taldekoek jam session edo saio inprobisatua gidatu zuten Aterpe tabernan. Taldeko kide dira Olatz Urkia eta Aitor Etxagibel eta horiek ere oso pozik gelditu ziren egindakoarekin.

Kantu batzuk prestatuta eraman zituzten eta beste musikari ugari animatu ziren haiekin batera jotzera. Besteak beste, iaz jaialdian abesten izan zen eta gaur eguerdian Portaloiko kontzertua entzuten zegoen Itziar Yagüe abeslaria ere izan zen Bluexeikoekin batera oholtzan abesten. Gaur, 00:00etan berriro izango da saio inprobisatua.

Musika bakarrik ez; azoka ere bai

Eguerdian Seber Altube plazan artisau azoka izan da. Bertako artisauek esan dute goizean jende gehiago ibili dela, eguerdian baino –beroagatik–, baina haiek ere gustura daudela, musika protagonista den jaialdian, artisauak ere presente daudelako.

Erlazionatuak

Gozatu dute musikariek, eta gozatu dute entzuleek

Oihana Elorza Gorostiza uzt 11, 13:17 Arrasate

Arrasate Blues, iruditan

Amaia Txintxurreta Guridi uzt 11, 14:46 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak