Zer eskainiko duzue Arrasaten?
Batez ere, inguruko gazteei aukera emateko helburuarekin sortu dugu Euskadi Brassekin plazara emanaldia. Erreferentziazko profesionalekin jotzeko aukera izango dute ikasleek, eta, horretarako, programa bat sortzea bururatu zitzaidan. Hilaren 13an eta 14an prestatuko dugu kontzertua Arrasaten, eta emanaldia zenbait zatitan banatuko da. Herriko hainbat gunetan sekzioka banatuko dira tronpeta, tuba eta tronboi taldeak. Sekzio bakoitzak errepertorio bana landuko du, eta, ondoren, talde osoarekin beste errepertorio bat egingo dugu, emanaldia amaitzeko.
Nolakoa izango da emanaldia?
19:00etan hasiko da emanaldia, eta Portaloian, Arbolapetan, Okoretegin eta Arotz plazan banatuta egongo gara sekzioka. Talde bakoitzak ordu erdi inguruko emanaldia egingo du, eta, hori amaitu ondoren, jendea elkartuko da eta plazara gonbidatuko ditugu. Bertan, talde guztiak batuko gara, 25 lagun guztira, eta bai profesionalek eta bai ikasleek kontzertua joko dugu Herriko Plaza Nagusian.
"Ezinbestekoa da herriko musika eskaintzei jaramon egitea horrelako ekintzekin"
Zer asmorekin egingo da emanaldia?
Gure asmoa musika kalera eramatea da. Udaberri eta uda partean oso garrantzitsua da horrelako egitasmoak bultzatzea, eguraldia lagun izanda oso ekimen interesgarria baita musika kalera eramatea. Normalean, gu entzuteko, Euskadiko orkestretako kideak garenez, jendeak hirietako auditoriumetara joan behar izaten du. Baina, horrelako ekitaldi batekin, kalean bueltatxo bat ematen ari den edonork ere goi-mailako musika ikuskizun batez gozatzeko aukera izango du, eta hori ez da egunero gertatzen. Badakit Arrasaten musikarekin lotutako ekimen interesgarri asko egiten direla, eta oso garrantzitsua iruditzen zait hori. Izan ere, ezinbestekoa da herriko musika eskaintzei ere jaramon egitea eta horrelako ekimenak bultzatzea.
Zuretzat, zer da Arrasatera joatea eta bertan jotzeko aukera izatea?
Urte asko daramatzat Arrasatetik kanpo, baina ni arrasatearra naiz, eta gustatzen zait hori gogoaraztea. Hala sentitu bainaiz beti. Izan ere, nire ustez, oso garrantzitsua da jakitea nondik zatozen. Horrez gain, Arrasaten egin izan ditudan kontzertuak bikain joan dira beti; asko pozten nau horrek. Ohituta zaude jaialdi garrantzitsuetan jotzera, baina zer aurkitzen duzu
Arrasaten beste lekuetan aurkitzen ez duzuna?
Asko estimatzen ditudan pertsonak eta lagunak dauzkat Arrasaten. Kontzertuak egitera ohituta nago, baina aurpegi ezagunak ikusten ditudanean eta musikan hastapenak egin ditudan lekura itzultzean onena ematen saiatzen naiz beti. Arrasate Musikalen hasi nintzen, eta inspirazio handia eman dit horrek etorkizunerako. Gainera, Euskadi Brassen oinarria Arrasate dago, eta emanaldietan ere horrek badu bere presentzia. Esate baterako, martitzeneko emanaldian, tuba taldeak Udalaitz izeneko pieza bat joko du.
"Kalean izanda, jendeak aukera oso polita izango du bestelako kontzertu bat entzuteko"
Zer espero duzu martitzenerako?
Jendea animatzea eta gugana gerturatzea espero dut. Kalean izango denez, aukera oso polita izango baita jendeak ohikoa ez den musika emanaldi bat entzuteko. Gainera, ez da erraza maila horretako musikariak emanaldi baterako batzea, eta balio handiagoa ematen dio gazteek ere aukera izango dutela goi-mailako musikari profesionalekin jotzeko.
Nola dator uda?
Euskadi Brassi dagokionez, beste bi kontzertu dauzkagu lotuta, Markinan eta Bakioko jaialdi batean. Hain zuzen ere, hiru kontzertu horiek egingo ditugu uztailean; izan ere, ez da erraza guztien agendetarako ondo datorren data bat lotzea. Alde horretatik, gutxienez, Arrasateko emanaldia lotu dugu musikari askorekin.