Kultura ikuskizunez beteta dator uztaila Arrasaten, Udazabal ekimenaren eskutik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko ekainaren 29a

Kultura teknikari Karmelo Alberdi eta kultura zinegotzi Andoni Arratibel, Udazabal ekimenaren aurtengo kartelarekin. Argazkia: Arrasateko Udala.

Udazabal ekimenaren barruan, hainbat kultura ikuskizun antolatu ditu Arrasateko Udalak uztailaren 1etik 28ra. Gainera, Arrasate Blues jaialdiak ere presentzia nabarmena izango du uztailean zehar, hilaren 2tik 16ra 15 kontzertu antolatu ditu-eta Ibai-Artek. 

Arrasateko Udalak aurtengo Udazabal egitaraua aurkeztu du, herritarrei udan zehar musika, dantza, zirkua eta antzerkiaz gozatzeko aukera zabala eskainiz. Egitarau honek herriko hainbat gune publiko beteko ditu: Monterron parkea, Zaldibar eta Biteri plaza, besteak beste.

"Zirku ikuskizun berritzaileak" Biteri plazan

Uztailaren 1ean Biteri plazan Udazabalen aurtengo eskaintza irekitzeaz arduratuko da zirkuko arteen sorkuntza berezia den Rétrofutur. Ésacto’Lido taldeko artistak bilduko dira melting-pot sortzaile eta koloretsu honetan, malabaristak eta trapezistak barne, iraganeko bira batetik etorkizunera bidaiatzeko proposamen utopiko batean. 

Bestetik, uztailaren 28an Mute zirku ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da, baita Biteri plazan.

Dantza garaikidea Zaldibarren, uztailaren 17an

Urtero bezala, dantzak ere tarte propioa izango du Udazabal jaialdian. Uztailaren 17an, Euskal Herriko bi talde entzutetsuren bi pieza motz ikusi ahal izango dira Zaldibarren:
● Node konpainia: Basandere lana aurkeztuko du, euskal mitologia oinarri hartuta, basoen kontserbazioa, klima-justizia eta genero-ikuspegia jorratzeko.
● Ertza konpainia: Un ‘We' pieza eskainiko du, sare sozialek mundua bateratu arren sortu duten desberdintasun-arraila eta lan-ustiapen modernoa aztertuz.

Uztailaren 24an berriz, Haatik konpainiaren IOI dantza ikuskizuna aurkeztuko du. Herri gogoa diskoetxeak 70eko hamarkadako euskal musikaren izaera esperimentala islatzen du. Hortik abiatuta, ospe haudiko dantzaria den Jone San Martinek euskal dantza tradizionala berrinterpretatzen du, espazioa, mugimendua eta gorputzen arteko harremanak publikoarekiko hurbiltasunetik esploratuz.

Musika eta antzerkia herriko kaleetan 

Musikaren aldetik, Arrasate Blues jaialdia izango da ardatz nagusietako bat, uztailaren 2tik 16ra bitartean ospatuko dena. Gainera, Zigor Martinezek zuzendutako Arrasate Musikal Big Band taldearen doinuak entzuteko aukera egongo da, ibilbide luzeko taldea izanik (2000. urtean sortua) eta Euskal Herrian zehar zein estatuan kontzertu ugari emandakoa.

Antzerkiari dagokionez, Seber Altube eta Biteri plazen artean egingo dira programatutako hiru antzerkiak:
● uztailaren 7an, 19:30ean, Alonso, ezinezko mandatuen mezularia.
● uztailaren 21ean, 20:00etan, Euli jasa ikuskizuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak