Hasteko eta behin, nola zaude?
Ez gara kexatuko baina elkarrizketa hau bukatu eta berehala joan behar naiz ospitalera sorbaldako minarentzat errehabilitazioa tokatzen zaidalako.
Merezitako omenaldia egin dizute. Zer moduz? Espero zenuen?
Bazkariaren berri banuen baina txapela, zapia, opariak... Ederra izan zen, oso maitatua sentitu nintzen. Emaztea, Gipuzkoako erretiratu elkarteko presidentea eta presidenteordea, herriko beste erretiratu etxekoak, alkatea... Niretzat inportantea den jendea etorri zen. Diskurtsorik ez nuen eman; esan nuen bakarra izan zen, zapia jarri zidatenean [Abaroa eta herensugea ageri dira], medikuak agindu didala pisurik ez hartzeko eta herensuge bat jarri didazuela bizkarrean [barreak].
Zu beti zaude umore onez, ala?
Beti saiatu izan naiz txarrenari onena ateratzen, eta zailenean ere barrea eragiten. Nire ingurukoak ahalik eta ondoen egoteko egin dut lan. Ez dakit lortu dudan, baina saiatu naiz.
Roberto Zazok hartu dizu lekukoa. Esku onetan dago Abaroa?
Bai, eta laguntzeko gertu nago oraindik. 1998an sartu nintzen Abaroako zuzendaritzan eta barruko kontu guztiak ezagutzen ditut; esan diet nirea ez dela agur bat, gero arte bat baizik. Bazkideei entzuten dion taldea osatzen badute, dena ondo joango da. Gaur egun 1.100 bat bazkide dira kuota ordaintzen dutenak; badago nori entzun, beraz.
Gaur egungo erretiratua ez da lehengoa...
Inondik inora. Askoz prestatuagoa, osasuntsuagoa eta aktiboagoa da gaur egun erretiratuaren profila. Abaroa izena Jose Luis Iñarra parrokoak asmatu zuen, deskantsurako eremu bezala sortu zelako; hala ere, geroago eta mugimendu handiagoa dago.
Arrasatetik zer hobetuko zenuke?
Alde zaharra deserosoa da irisgarritasun arazoak ditugunontzat. Historikoa izango da, polita, baina gurpildun aulkiarekin ibiltzeko oso gaizki dago. Pintaketak ere ez zaizkit gustatzen.