Puntua aldizkariaren 504. zenbakiko Elkarrizketa atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Arrasaten jaio eta hazi, 2021ean joan zen Madrilera bizi izatera Danel Galdaera. "Filomena ekaitzaren garaian", dio hark. RTVEko Gen playz saioan hasi zen hedabideetan agertzen, eta Piztu telebista-rekin milaka euskaldunen etxeetan sartu zen gero. Egun, Iruñean bizi da.
Eguen bateko 11:00etan ari gara elkarrizketa hau egiten. Zertan harrapatu zaitugu?
Oraintxe bertan, etxeko lanetan, garbitu ostean platerak armairuan ordenatzen.
Eta hori da zure eguneroko normala ala zure bizitzan ez dago errutinarik?
Askorik ez! Nire agenda oso amorfoa da, eta etxean egoteko egun pare bat lortzen ditudanean eskertu egiten dut horrelako etxeko lanak egitea. Gainera, Harrotasunarekin ekainean lan dezente dudanez, hor murgildu aurretik opor egun batzuk hartu ditut, anaiarekin Madrilera joateko: tatuaje pila bat egin ditugu, hango lagunekin egon naiz... Bueltan hiru edo lau egun ditut etxea ordenan jartzeko, eta gero, lanera!
"NIK NEUK ERABAKITZEN DUT NOLA BIZI HARROTASUNA. EZ DA BANDERATXOA ASTINTZEA BAKARRIK; IKUSPUNTU KRITIKOA IZAN BEHAR DA"
Pertsona mediatikoa izate horretan, zenbat egon da aurrez planifikatuta?
Dena izan da planifikatua: ni famatu egin nintzen famatu izan nahi nuelako, ez dago misterio gehiagorik. Azken finean, edonork egin dezakeen ogibide baten alde hartutako erabakia izan da. Kontua da zeinen ondo egiten duzun; ni, bihar, zerbitzari lanetan sartu naiteke, eta oso gaizki egin badut, bota egingo naute. Nik ikusi nuen hedabideetan-eta aritzeko trebezia maila bat daukadala, eta horretan nabil lanean. Egin nuen lehen urratsa izan zen neure burua edozein modutan bistaratzea, eta, horretarako, Instagramen berbetan agertzen nintzen, bideoak egiten nituen, argazkiak ere bai... Zarata handia egin behar da norbaitek entzun zaitzan, eta hori egin zuten lehen tokia RTVEn izan zen, Gen playz saioan. Horixe izan zen mundura lehen leiho handia, eta gero etorri zen Piztu telebista-rena.
Iaz, egunero-egunero sare sozialetan zerbait argitaratzeko erronka jarri zenion zeure buruari. Zer irakatsi zizun?
Beste behin, oso erraza dela jendearen arreta erakartzea; eginbehar bakarra da momentuero gauzak egitea, oso presente egotea. Hainbeste kontsumo-aukera ditugu eskura, norbaitez gogoratzeko benetan astuna izan behar duzu; kalitateak baino gehiago balio du astuntasunak. Eta hori okerrera doa, beldurtuta ere banauka kontuak. Uste dut datorren urtean berriz ere egingo dudala egunero argitaratzearen erronka.
Esan diozu ezetzik lan proposamenen bati?
Gai konplexua da. Esan dut ezezkorik, bai, baina uste okerrak ere badaude. Izan ere, jendeak pentsatzen du telebistan edo hedabideetan dagoen pertsona orok bere irudiaren edo baldintzen inguruan erabateko kontrola duela, sekulako errespetuarekin jokatzen dela... Baina, azken finean, langile soil bat zara eta langile guztiek bizi izaten dituzte lan baldintza traketsak. Ezezkoak eman izan ditut, baina baita baiezkoak ere ezekoak eman behar nituen tokian. Hedabideetan agertu arren beste lan bat duen jende asko ezagutzen dut, baina kontua da hedabideetakoa dela nire ogibide bakarra; ondorioz, beste edozein langilek bezala, egin behar izan ditut gustukoak ez ditudan gauzak.
28 urte dituzu. Zelan daroazu urteak betetzearena?
Gaizki! Azkenaldian, horren inguruan hausnartzen ibili naiz. Edozeinentzat oso garai berezia da 30en hamarkadarako bidea, ustez, pertsona erabat heldua bilakatu behar duzulako. Ni oso pozik eta harro nago nire ibilbidearekin, eta nituen amets mordo bat bete ditut. Beti esaten dut 11 urte zituen Danelek orain ikusiko banindu izugarri miretsiko nindukeela. Baina, era berean, pentsatzen dut: "Zer egon behar dut, 35 urterekin oraindik ere sare sozialetan tontakeriak egiten?". Eta, akaso, erantzuna baiezkoa da, baina ez dakit nola sentitu horren inguruan. Berez, pentsatzen jarrita, aukera ona iruditzen zait, pertsona heldu asko dagoelako hedabideetan eta ez dudalako uste erridikulurik egiten dutenik. Gauza da nik ez dudala neure burua haiek bezain egonkortuta ikusten; hortaz, nire helburua da hogeita hamar eta piko urte ditudanerako enfant terrible-a izateari utzi eta presentzia egonkor eta heldua sortzea.
Ekainaren 28a, LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna da. Zer esan gura du zuretzat?
Harrotasunaren Egunarekin nire ibilbidea partikular samarra da. Arrasaten bizita, ez neukan ospakizun benetan handi bat ikusita: ekintzak-eta badaude, baina ez da hirietan besteko zaratarik egiten. Nire lehen Harrotasuna Iruñean ikusi nuen, eta bigarrena, Madrilen; biak ere, erabat ezberdinak. Niretzat, Harrotasun Egunarena hainbat fase izan dituen bidaia izan da. Hasieran ikusi nuen badagoela nire eskubideen bueltako mundu mailako borroka bat, jendea batzen duena. Zapore mingotsagoa sortzen dit hainbat enpresak eta markak etekina ateratzeko erabiltzen dutela ikusteak: hain sinplea, ederra eta ezkerrekoa den ekintza bat usteldu egiten da interes ekonomikoen ondorioz. Horrek buruari buelta asko ematea eragin izan dit. Orain nago puntu batean zeinetan nik neuk aukeratzen dudan non eta noiz bizi Harrotasuna. Ez da banderatxoa astintzea bakarrik; ikuspuntu kritikoa izan behar da, norekin elkartzen zaren jakin eta zure borroka eta helburuak zein diren erabaki. Festarako eta askatasunaz gozamenetik gozatzeko eguna da, baina aldarrikapena mantenduz.
Zuk zeuk zaren modukoa izateagatik borroka asko egin behar izan duzu?
Horretan nahiko aingira naiz. Ingelesez esaten den moduan, fight or flight; hau da, borroka edo hegaldia esaten denean, ni oso flight naiz, hegan egitekoa. Gatazkarekin ez naiz ondo moldatzen, eta, nire bizitzan zehar biolentatua izan naizen arren, neure burua manipulatu izan dut hainbesteko minik ez sentitzeko. Esaterako, ikastolan bullying-a jasatean, beti esaten nion neure buruari: "Mundu guztiari gertatzen zaio". Edo: "Irainak umoretik hartzen badituzu jendeak hobeto hartuko zaitu". Gatazkak ekidinez egin dut aurrera. Pozik nago, neurri batean funtzionatu egin zidalako; baina damu asko ere baditut, borrokarik egin nahi ez nuenez jende askori nire gainetik pasatzen utzi diodalako. Ez dut borrokarik egin, indarkeriari neure aurretik pasatzen utzi diot. Orain, aldiz, harro nago sareetan gauza politikoak esatearekin: jende askok oso iraultzaile eta ezkertiartzat jotzen duen pentsatzeko modua oso naturala da niretzat, eta askotan sartu naiz sekulako borroketan, niretzat oso normalak direnak esateagatik. Hori sareen bidez egitea oso ondo dago gainera, edozein unetan botoi bati eman, iruzkin bat ezabatu eta bukatu delako borroka.
"DAMU ASKO ERE BADITUT, BORROKARIK EGIN NAHI EZ NUENEZ JENDE ASKORI NIRE GAINETIK PASATZEN UTZI DIODALAKO"
Egun zarena izango zinateke bere garaian Arrasaten geratu izan bazina?
Ez, ez. Maitasun handia diot Arrasateri: familia eta lagunak han ditut eta oso ondo pasatzen dut noanean. Baina, eta orain esatera noan hitza gorrotatzen dudan arren, alternatiboak garen guztiok hirigune handiago batera egin behar dugu pelegrinazioa; jende gehiago dagoen tokian jende ezberdin gehiago dago. Sare sozialetan ikusten nuen Madrilen bizi zen jendea nola janzten zen edo zer egiten zuen, eta konturatzen nintzen haiek hamar zirela; ez, ni bezala, bakarra. Azpimarratu nahi dut ni ez nintzatekeela inoiz ere Madrilen biziko, baina etxetik ateratzea beharrezkoa da Arrasate moduko herri baten pentsaezinak diren ikuspuntuak, testuinguruak... ezagutzeko. Nahiz eta Arrasatek baduen bere eszena!
Arrasateko LGTBIQ+ diagnostikoaren aurkezpenean egon zinen iaz. Zergatik dira beharrezkoak horrelakoak?
Sekulako ohorea izan zen bertan egotea, nahiz eta uste dudan ez zirela oso pozik geratu txaranga musikalean musikarekiko izan nuen jarrerarekin... Baina, aurkezpenera itzuliz, oso polita izan zen, nire herriko jendea benetan kontzientziatuta ikusi nuelako; pentsatzen dut beti egon izan dela horrela, baina nik neuk ez neukan ikusia. Polita izan zen, inporta zaigulako elkartu ginela ikustea: herri honetan eroso bizitzea inporta zaigu, hori nahi dugu; ez herrian bizi baina bizitza bizitzeko beste nonbaitera joan. Diagnostikoak izugarri beharrezkoak dira, muturren parean jartzen digutelako gertatzen dabilena. Euskal Herrian denok gara oso aurrerakoiak; baina gero, zer? Asko salatzen dut tolerantzia pasiboa: aurrerakoia den jendea etxean geratzen da, bakoitzak nahi duena egin dezala esanaz, baina hor bukatzen da haren ekintza politikoa. Eta, aldi berean, atzerakoiak, homofoboak direnek badute ekintza politikoa: erasoak modu aktiboan egiten dituzte. Hortaz, jendea ezin da etxean geratu toleratzen eta besterik egin gabe; diagnostikoak homofobia hor dagoela erakusten duten ekintza proaktiboak dira. Hainbat diagnostikoren aurkezpenetan egon naiz, eta jendea, normalean, oso burumakur irteten da, uste dugulako oso ongi gaudela.
Zenbat du justizia poetikotik agertokira igo zinen lehen aldia Arrasaten izan izanak?
Beti oroituko dut egun oso polit bat bezala: nire ama etorri zen, nire izeba, izugarri morbosoa den nire institutuko jende mordoa... Ederki pasatu genuen, showa oso ongi joan zen, eta, ordutik, ibilbide zoragarria jorratu dugu Albina Stardustek eta biok. Badu, bai, justizia poetikotik nire lehen showa Arrasateko gaztetxean egin izanak.
Zer eman dizu Divina Comediak?
Pila bat. Kontu hau artista bakoitzak bere modura bizi du; hortaz, nire izenean bakarrik hitz egingo dut. Niretzat drag-a izan da nire gorputzetik ateratzeko modua. RTVEn agertzea izan zen nire aurpegia, nire presentzia publiko bilakatu zen lehen aldia: pentsatu nuen hori zela nire izaera eta mundu guztiak maitatuko ninduela naizen modukoa izateagatik. Baina arazo bat izan nuen, eta jabetu nintzen arazo hori zutenek nirekin, nire pertsonarekin, nire arimarekin zutela arazoa. Drag-aren bidez despertsonalizatzeko bide bat topatu nuen: "Arropa hauek jantzita ditudanean performatzen ari naiz, pertsona mediatiko bat naiz; baina etxera heldu eta horiek kentzean pertsona normal bat izango naiz berriz ere. Drag-ak nire egoa eta nire alter egoa banatzen lagundu dit; norbere burua zaindu behar dugu, eta Divinari esker askoz hobeto ezagutzen ditut bai neure burua eta baita nire alter egoa ere.
Nork joan beharko luke drag-a ikustera?
Mundu guztia! Eta, interes pertsonaletik, dirua dutenak! Drag-aren bertute nagusia da ez dagoela definizio bakar bat. Muinera joanda, nork bere nortasuna teatralizatzea eta entretenigarri bihurtzea da drag-a. Guztiontzat dago drag show bat: dantza egiten duten pertsona politak gustuko badituzu, joan Albina Stardusten ikuskizun batera; barre eragiten duten pertsona itsusiak gustuko badituzu, etorri Divina Comediaren showra... NBA gustuko duten pertsonentzat drag show bat dago, edo futbol-zaleentzat, bideojokoen zaleentzat... Hain da askotarikoa dagoen aukera! Nahi duzuna egin dezakezu drag-ean.