Energia trantsizioaren norabidea adosteko Debagoien mailan zabaldutako prozesu deliberatiboa da Argitzen. Zein ekintza edo aldaketa burutu beharko dituzte Debagoieneko tokiko eragileek energia kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarrien garapenerako? galderari erantzuteko helburuarekin, Herritarren Batzarrak –ausaz aukeratutako bailarako 50 pertsonaz osatutakoa– hamaika gomendio aurkeztu zizkion prozesua bideratzen ari den Mandatu Organoari, joan den azaro amaieran; aurretik, gaiaren inguruko askotariko informazioa jaso zuten, adituen eskutik, bost lan-saiotan.
Behin gomendio-sorta jasota, sei hilabeteko epean erantzuna emateko konpromisoa hartu zuen Mandatu Organoak, eta iritsi da unea; uztailaren 9an emango du horren berri.