Ekitaldiari hasiera emateko, Maider Morras alkateak hitz batzuk eskaini dizkie bertaratutakoei. Ondoren, Jasone Giraldo zinegotziak haur bakoitzaren izena irakurri du banan-banan, eta izenak entzun ahala, Maider Morras alkateak, Kepa Urteaga, Eñaut Arriaran eta Andoni Arratibel zinegotziek San Juanetako zapia jarri diete jaioberriei, herriaren izenean ongietorria emanez. Morrasek ekitaldiaren balorazio oso positiboa egin du. "Oso polita izan da, hunkigarria. Umeak oso formal egon dira, familiak pozik, eta baditugu dragoitxo berriak Arrasaten", adierazi du.
Goiza beroa izan da, eta tenperatura altuei aurre egiteko, askok abanikoak eskuetan jarraitu dute ekitaldia. Giro "atsegin" eta "hunkigarrian" egin da omenaldia, Arrasateko belaunaldi berriei ongietorria emateko helburuarekin. Ekitaldiaren amaieran, familia guztiak udaletxe aurrean elkartu dira Arrasateko erraldoiekin batera talde-argazkia egiteko. Irudi berean bildu dira haur txikienak, haien familiak eta herriko jaietako ikur nagusietako batzuk.
Alkateak azaldu duenez, eskualdeko beste herri batzuetan egiten diren antzeko ekimenetan inspiratu dira. "Beste herri batzuetan egiten zen eta guk ere egin nahi genuen. Bergarako alkate Mikel Artolarekin jarri nintzen harremanetan, eta beraien oso antzeko formatuan antolatu dugu, jaietan beraiei omenaldi txiki bat egiteko ere", azaldu du.