Goizean jokatu dituzte lehen probak, eta talde fasearen ostean sailkatuek arratsaldean jarraitu dute lehian. Bazkalostean, indarrak berreskuratuta, final-laurdenak jokatu dituzte Zaldibar eta Biteri inguruan; ondoren, finalerdiak Zaldibarren bertan. Final handia, berriz, 19:30ean jokatu dute Herriko Plazan.
Hasiera batean finala eta ondorengo kontzertua Monterronen egitea aurreikusita bazegoen ere, azken orduko aldaketa egin behar izan dute antolatzaileek. Nahia Irazola eta Mikel Barrutia antolatzaileek azaldu dutenez, “haize arriskuagatik aldaketa egin behar izan dugu. Azken orduko aldaketa izan denez, finala Herriko Plazara moldatu dugu, baina oso ondo joan da. Eguneko balorazioa, orokorrean, oso positiboa da”.
Lolailo, txapeldun
Final handian lau kuadrilla aritu dira lehian: Lolailo, Zubipe, Sorsi eta Txustaus. Azkenean, Lolailok eskuratu du txapela, iaz lortutako bigarren postua hobetuta. Txapeldunen atzetik, Zubipe sailkatu da bigarren postuan, Sorsi hirugarrenean eta Txustaus laugarrenean. Aipatzekoa da Sorsi kuadrillak goizeko talde fasean lortu duela finalerako txartela.
Txapeldunen kapitainak pozarren hartu du garaipena: "Iaz bigarren geratu ginen, eta aurten goizean-goizetik genuen irabazteko gogoa. Oso ondo ikusi dugu geure burua egun osoan zehar, eta finalean ere presioa kontrolatzen jakin dugu. Orain ospatzera; egun ederra izan da eta oraindik ez da amaitu".
Bigarren sailkatu den Zubipeko kideek ere pozik egin dute balorazioa, "ez da pozgarria finala galtzea, baina egun ederra bizi dugu. Urtetik urtera hobetzen goaz, eta datorren urtean berriz ere izango gara txapelaren bila".
Hirugarren postua lortu duten Sorsi taldeko lagunek, berriz, disfrutatzearen garrantzia nabarmendu dute. "Egun oso polita izan da. Gu disfrutatzera etorri gara, eta azkenean finalera heldu gara eta saria ere eraman dugu. Egin bikaina".
Adin guztietarako lekua
Antolatzaileek egitasmoa aurkeztu zutenetik argi utzi dute Gazte Olinpiadek ez dutela adin mugarik. 18 urteko kintatik aurrera, mundu guztiak zuela du lekua olinpiadetan; berdin du 30, 40 edo 50 urte izan.
Aurtengo edizioan ere hori agerian geratu da. Besteak beste, 50 urtetik gorako lagunez osatutako Aurten Bai kuadrillak parte hartu du, eta taldeko zenbait kidek seme-alaben aurka jokatzeko aukera ere izan dute, egunari ukitu berezia emanez.
