TAO zerbitzua eten egingo dute ekainaren 23tik 26ra

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko ekainaren 19a

TAO zerbitzuko makina, Otalora Lizentziaduna kalean.

San Juan jaiak direla eta, ez da martxan egongo TAO zerbitzua, eta Otalora Lizentziaduna eta Zarugalde kaleetan trafikoa moztuko dute hainbat egunetan, ordutegi jakin batean.

TAO sistema bertan behera geratuko da ekainaren 23an, 24an, 25ean eta 26an eta, ondorioz, aparkaleku tasa ez da indarrean egongo aipatutako egunetan. Horrekin batera, ekainaren 20an, 23an, 24an, 25ean eta 26an, 18:00etatik 06:00etara, Otalora Lizentziaduna eta Zarugalde kaleak zirkulaziorako moztuko dituzte. "Azken urteetan bezala, jai-gunearen eta alde zaharraren arteko jende fluxuaren segurtasuna bermatzeko neurri gisa hartu da erabakia. Zarugalde kaleko garajeek Muzibarretik egin beharko dituzte sarrera-irteerak", azaldu du Udalak, ohar bidez.

Herribusa ez da igaroko itxitako eremutik, eta egun eta ordu tarte horietan San Frantziskoko biribilgunean eta Muzibarrekoan izango ditu behin behineko geralekuak.

Bestetik, entzierroak iraun bitartean, ohiko kale mozketak egingo dituzte Kontzezino kalean, 07:00etatik 11:00etara. Amaitzeko, "alde zaharreko oinezkoen segurtasuna bermatzeko", alde zaharra ez da ibilgailuentzat zabalik egongo eta zamalanak Olarte eta Zerkaosteta kaletik egin beharko dira. Azkenik, Santa Barbara parkea itxita egongo da su artifizialak egiten diren bitartean.

Udaltzaingoak, etengabeko zerbitzua

Udaltzaingoak jakinarazi du, edozein arazo izanez gero, 24 orduko zerbitzua izango duela, eta 943 25 20 10 telefono zenbakian harremanetan jartzeko aukera izango dela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak