Aurtengo jaietako eskaintzan haurrentzako eta gazteentzako egitaraua indartzeko apustua egin dute, eta, tradizio luzeko ekitaldiez gainera, askotariko berrikuntzak izango dira gozagarri. "Oso garrantzitsua iruditzen zaigu jaietan egitaraua indartzea; eurak ere herriko jaien parte aktibo dira eta badute zer esan eta zer egin", azaldu du Txatxilipurdi elkarteko zuzendari Itsaso Garaik.
Ekainaren 25a izaten da Eguzkilaru eta Gaztelaru Eguna, Haurrentzako eta Gazteentzako Eguna, Txatxilipurdi elkarteak antolatzen duena. "Egun oso berezia eta seinalatua izaten da Txatxilipurdikoontzat, eta Arrasateko lantalde osoa, 30 lagun inguru, aritzen gara egun horretan buru-belarri lanean. Koordinazioa funtsezkoa izaten da egun horretan, eta nork bere egitekoak eta ardura zehatzak ditu esleituta".
Pertsonaia maitatua
1996ko ekainean jaio zen belaunaldiz belaunaldi haur askoren bihotzetan sartu den Eguzkilaru, eta aurten 30 urte bete ditu. Ekainaren 25ean aterako da kalera, eta makala eramango du, 3 eta 12 urteko lagunekin batera igotzeko. "Aurretik, jolasguneak izango dira Monterron parkean eta Biteri plazan; eguraldi euritsua eginez gero, Biteriko gunea Uarkape pilotalekura aldatuko da. Abentura Parkea izango da Monterronen, eta bi gune izango dira: alde batetik, tirolina, eskalada eta kutxa-dorreak egongo dira, haurrek altuera eta emozioekin konektatzeko; eta, bestetik, ur-bideak, artelanak eta ipuin-kontaketak. Jolas Gunea da Biteri plazakoa, eta denetarik egongo da: aurpegi-margotzea, Begisare elkartekoen tailertxoak, sormen-guneak...".
Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore ere gonbidatu dituzte ekainaren 25erako; Zerua lapurtu dute ikuskizuna egingo dute, eta, nola ez, urtero moduan, Porrotxin ere taularen gainean izango da.
Gazteak, antolakuntza taldean
Orain dela bost urte inguru hasi ziren 12 eta 18 urte bitartekoentzako Gaztelaru Eguna antolatzen, eta jolas eta ekintza ugari prestatu dituzte aurten ere. "Zaldibarko frontoian izango da gune hori, eta tatuaje eta itxuraldatze tailerrak, jolas erraldoiak, ur-jolasak... izango dira aukeran. Guk egin, guk jan izena duen gazte bazkaria egingo dugu gero, eta oso pozik gaude izen-emateak izan duen harrerarekin. Gaur, egubakoitza, da izena emateko azken eguna; 688 68 49 44 telefonora idatzi behar da. Bazkalostean, nerabeen musika talde baten kontzertutxoa eta pintxada kolektiboa izango ditugu. Gaztelaruren helburua ekintzak gazteen nahietara eta beharretara egokitzea da, eta oso pozgarria da haiek antolaketa-lanetan motibatuta ikustea eta jaien parte aktibo sentitzea".