Elkarlanetik landutako egitarau oparoa izango da aurten ere txosnagunean

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko ekainaren 20a

Iazko sanjuanetako pregoia eta txupina botatzeko unea. Goiena

Askotariko kontzertuak eta ekitaldi gehiago izango dira ekainaren 23tik 26ra Kondekua parkean kokatutako txosnagunean.

Hilabeteetako lanaren ostean, Txosna Batzordeko kideak gogotsu daude lau egunerako egitarau oparoa herritarrekin eta kanpotik etorriko direnekin gozatzeko. Ekainaren 23an zabalduko dute txosnagunea, eta ekainaren 26ra bitartean askotariko ekitaldiak eta jai giro ederra izango dira, herriko zortzi eragilek edo taldek osatzen duten aurtengo Arrasateko Txosna Batzordearen eskutik, Kondekua parkean –Ernai, GKS, Bilgune Feminista, Ttak, Askapena, Ikasle Antolakunde Sozialista, Jardun Koordinadora eta Ikama–. 

Azken urteetako ohiturari jarraituz, herritar askorendako jaietako "une politenetako bat" izaten den pregoiarekin ekingo diote egitarauari, 12:00etan. Txandakatu egiten dute urtero zeinek bota txupina eta pregoia; bada, Askapenaren eskutik izango da aurten. Talde horren ardura izan da, era berean, txosnagunearen lelo nagusia aukeratzea –Erresistentziaren garra piztu da aurten–, eta baita kamisetak ateratzea ere; bi astean ibili dira saltzen, baina dagoeneko ez daude eskuragarri.

Erasoen aurkako protokoloa

Egunaren arabera ordutegi ezberdina izango du txosnaguneak; esaterako, ekainaren 24an eta 26an arratsaldeko seietan zabalduko dituzte txosnak, eta gainontzeko egunetan, eguerdian ere zabalik izango dira –12:00etatik 14:00era–. "Hasiera batean, taberna-lanetarako txanda guztiak beteta egongo direla aurreikusten dugu, eta ez dela jende gehiagoren behar handirik egongo; hala ere, lagundu gura duzuenok, lasai asko etorri, gustura hartuko zaituztegu-eta", azaldu du Txosna Batzordeko kide Iraia Loitik. 

Guztiontzako gune erosoa, dibertigarria eta askea izatea dute helburu, eta ez dute jarrera erasokorrik onartuko. Horregatik, erasoen aurkako protokoloa prest dutela gaineratu du Loitik: "Bertan ikusgai egongo da deitu beharreko telefono-zenbakia, eta barran lanean izango garenok ere laguntzeko prest izango gaituzue". 

Kontzertuak eta gehiago

Musika izaten da egitarauaren oinarri nagusia, eta Zatekeen taldea izango da, erromeria doinuekin, taularen gainera igoko den lehenengoa, baina askotariko musika estiloei eta formatuei egingo diete lekua hurrengo egunetan: Bele, Maruxak eta Brigade Loco izango dira ekainaren 25ean; eta Etxepe, La Txama eta Merina Gris taldeak ekainaren 26an. Musikazaleentzako eskaintza zabala izango da, bada, aurten ere Kondekua parkean, eta, horien artean, emanaldi berezi bat ere bai; izan ere, orain dela aste batzuk iragarri zuten moduan, Arrasateko Etxepe taldea azken biran murgilduta dabil, eta gertuko zaleek etxean bertan izango dute gozatzeko aukera. Aipatutakoez gainera, azken urteotan egin duten moduan, haurren edo publiko gazteagoaren gozamenerako, DJ Kaktus gonbidatu dute. 

Txosnagunetik kanpo ere izango dira Txosna Batzordeak antolatutako ekitaldiak ere: "Ekainaren 23ko herri bazkaria, eguraldiak laguntzen badu, Seber Altube plazan egingo dugu, eta, bestela, Uarkape frontoian izango da, beste urte batzuetan moduan. Eta ekainaren 25ean Portaloira joateko proposamena egingo diegu herritar guztiei, han aterako dugu-eta elkartasun-argazkia; etor zaitezte, bada, gurekin"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak